Ia 40 urte Etxarritik kanpo daraman Juan Kutx Maizaren presoaren etxeratzea exijituko dute
Ahalik eta pertsona eta antolakunde zein elkarte gehienen atxikimendua lortzeko asmoarekin datozen egunetan harreman eta komunikazio kanpaina bati ekinen dio Etxarriko lagun talde batek. Bereziki kontutan hartuko dute Juan Kutx Maizaren egoera, duela ia lau hamarkada Etxarri utzi behar izan zuelako. Zehazki 38 urte pasa dira ihes egin zuenetik.
2016-ko abenduak 10
Eta lau hamarkada luze horietan Euskal Herrian eta Etxarrin gatazka politikoa bere aurpegi gordinena ezagutzeko aukera izan da. “Presoak pentsa daitezkeen egoera okerrenetan: etxetik ahalik eta urrutien, isolamenduan, osasun asistentziarik gabe, haiendako bakarrik sortutako lege bereziak aplikatuz, zigorra zigorraren gainean jasoz… galde egitea besterik ez dago, gaur egun oraindik, Juan Ramon, Unai, Asier, Luis, Oihan, Hodei eta zure familiakoei eta lagunei. Eta iheslariak? Beti estalirik, beti erne, beti beldurrez…” gogratu dute bere auzokideek agerraldian.
Egoera hau ezagutzera emateko eta konponbideak bilatzen hasteko, ideologi ezberdinetako herritarrak bildu dira eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Abenduaren 22an, 19:00etan, kartzeletako isolamenduari buruzko hitzaldi bat eginen da Kultur Etxean. Espetxe politikari buruz eta bertan isolamenduak pertsonarengan duen eraginaren inguruko jakingarriak azalduko dira, ikuspegi teknikotik nahiz preso ohi baten esperientzia pertsonaletik. Eta bestetik. abenduaren 30ean, 19:30ten hasita, manifestazioa eginen da “Preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera!” lemapean.