Hussan Abu Safiya mediku palestinarraren askatasuna eskatu dute Iruñean

2025-ko urtarrilak 3

Israelgo armadak Kamal Adwan ospitaleari egindako erasoa eta suntsiketa salatu dute Iruñean egindako elkarretaratze batean. Era berean, ospital honen zuzendaria den Hussan Abu Safiya doktorea eta bere osasun-taldearen askatasuna eskatu dute.

“Hussam Abu Safiya doktoreak hainbat dei egin ditu sare sozialetan azken hilabeteetan, etsi-etsian, bere ospitaleko pazienteak ebakuatzeko laguntza eskatuz, eta nazioarteko erakundeek eta mendebaldeko herrialdeek ahal zutena egin zezaten Gazan botikak eta elikagaiak sar zitezen”, azaldu dute elkarretaratzean. 

Baina Israelgo armadak bere ospitaleari eraso egin zionetik ez dago berari buruzko berririk. Medikuaren azken irudiak Israelgo Armadak ospitalaren aurka egindako erasoaren ondoren hartu ziren, eta horietan ikusten da medikua bere bata zuriarekin, hondakinez betetako kaleak zeharkatzen Israelgo armadaren tankeetara entregatzeko. “Hau da: osasun-lanbidearen noblezia eta herri baten duintasuna Israelgo armadaren basakeria, suntsiketa eta heriotzaren aurrean”, diote Nafarroako Sanitarioek.

Hauek gogora ekarri dute 2023ko urriaz geroztik, Israelgo okupazio-armadak osasun-langileak hil dituela, anbulantziei zerbitzu-egintzan eraso dietela, profesionalei eta pazienteei tiro egin dietela eta ospitaleak bonbardatu dituztela.

“Palestinako lankideek eutsi egiten diote, nahiz eta baldintza latzak izan, elektrizitaterik gabe, ur korronterik gabe, medikaziorik gabe… uko egiten diote pazienteak uzteari, nahiz eta sekuestroaren, torturaren eta heriotzaren mehatxupean bizi”…”, gogoratu dute.

Nafarroako osasungintzaren profesionalen plataforma honek eskatzen du Hussam Abu Safiya doktorearen eta bere kide guztien askatasuna. Era berean Osasun Sailari eskatzen diote Israelgo enpresekin edo genozidioarekin irabaziak dituzten beste enpresa batzuekin harremanak eteteko.

https://x.com/AhotsaInfo/status/1875253437769879939?t=BvTCBmuyvemQYXcmbuunlg&s=19

Gehiago