#HTX29 Azken aurreko edizio jendetsua Atarrabian euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde
Milaka lagun elkartu dira Hatortxurock elkartasun jaialdiaren azken aurreko edizioan. Euskal preso politikoen senideei babesa eta sostengua emateko sortutako jaialdiak agur esanen du 2025ko udan Lakuntzan eginen den azken edizioarekin. Sakabanaketarekin amaitzea lortu bada ere, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute oraindik ere lan egin behar dela euskal preso eta iheslari guztiak etxeratzeko.
2024-ko abenduak 29
Hatortxuk agur esan dio Atarrabia. 29. edizoa ospatu da larunbat iluntze eta igande goizaldean eta, beste behin, antolatzaileak pozik agertu dira izandako arrakastarekin, eta auzolana goraipatu dute.
“Hatortxu Rockek urte luze hauetan jaso eta elikatu duen ondarea izan da auzolana. Eta 29. edizio hau ere bide beretik joan da. 900 lagun inguru elkartu gara jaialdiaren baitan modu boluntarioan lanean. Denak beharrezkoak. Denak ezinbestekoak. Gure aitortza eta eskertza guztioi. Eta auzolan hau bera izango da etorkizunean etorriko diren elkartasun molde berrien giltza”.
Aspalditik zeuden sarrera guztiak agortuta eta guneak itxura bikaina eskaini zuen lehen ordutik azken unera arte. “Agur esatea ez da erraza, ezta ere antolakuntzako kideentzako. Baina horrelako gau bat bizi izanak laguntzen du pauso hori ematen eta ikusmira Lakuntzan jartzen”, azpimarratu dute uztailean eginen den azken edizioari erreferentzia eginez.
Lakuntzako edizio honen ostean geratuko hutsuneari buruz ere mintzo dira antolatzaileak. “Hatortxu badoa, baina Hatortxu osatzen dugun kideak ez goaz inora. Ez behintzat denak etxean izan arte”, nabarmendu dute. Horren inguruan aritu ziren atzo gauean Atarrabian egindako ekitaldian, non gogoratu zuten oraindik ere preso eta iheslariak ez daude etxean baina sakabanaketarekin amaitzea lortu egin dela, eta hori egindako borrokaren emaitza izan dela azpimarratuz.
Ekitaldia eskerrak emateko probestu du Hatortxu Rockek. Azken 15 urteak Atarrabian eman ditu elkartasun jaialdian eta denbora horretan ezinbesteko bidelagun izan diren Udala bera eta Etxebeltza elkartea, zeintzuek oroigarri bana eraman zuten. Eta ekitaldiak une ahazteniza izan zuen. Porrotxek agerraldi berezia egin zuen, topa gidatuz eta karpa gutxitan bezala, goitik behera dantzan jarriz.
Eraso sexistak, berriz ere
Jaia, baina, ez zen borobila izan. Bi eraso matxista salatu ziren. “Horrek ez du esan nahi gehiago egon ez zirenik. Ez gara errepikatzeaz nekatuko. Ez dugu inolako erasorik onartuko. Hatortxu denontzako gune seguru bat izatea izan dugu beti helburu eta, aurten, ez dugu lortu. Hala ere, bi salaketa hauek erakusten dute antolakuntzak salaketarako jartzen dituen baliabideak eraginkorrak direla. Bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu”, esan dute antolatzaileek.
Eraso hauek kenduta, izandako giro “atsegin eta goxoa” txalotu du antolakuntzak.
Garbiketa eta desmontajea egiteko auzolana eta dagoeneko Lakuntzara begira
Atarrabian oraindik bada lanik. Datozen orduetan eta egunetan bolondresak arituko dira garbiketa eta desmontaje lanetan. Baina antolatzaileek ez dute atseden asko hartzeko aukerarik. Izan ere, uztailean Lakuntzan eginen den azken HatortxuRock jaialdiari begira jarriko dira. “Han bai, azken agur erraldoi bat eman asmoz. Honen inguruan xehetasunak ezagutzeko ez da gehiegi itxaron beharko eta datozen egunetan dagoeneko bertan izango diren taldeen lehen lagin txiki bat aurreratuko da”, ohartarazi dute.