HTX28, lehenengo konfirmazioak eta 1.000 sarrera salduak ordu gutxietan

Auxili, Los Chikos del Maiz, Burutik, Los Zopilotes txirriaos, DJ Reimy eta Skabidean izanen dira Hatortxurock jaialdian izanen diren talde batzuk. Abenduaren 16an izanen da jaialdia, Atarrabian.

2023-ko ekainak 20

“Izugarriak zarete!”. Horrela adierazi dute Hatortxurock jaialdiko antolatzaileek euren poza  datorren abenduaren 16an eginen den kontzertuaren lehenengo 500 sarrera saldu direla ordu gutxietan iragartzerakoan. Ondoren, beste 500 sarrera jarri zituzten salmentan, eta berriz saldu ziren.

Izan ere, gaur egin dute publiko datorren neguko edizioan arituko diren talde batzuk: : Auxili, Los Chikos del Maiz, Burutik, Los Zopilotes txirriaos, DJ Reimy eta Skabidean. Eta iragarpen horrekin batera, 1.000 sarrera jarri dituzte salgai. Guzti guztiak saldu dituzte berehala, jaialdi honek jarraitzaile leialak dituela argi utziz.

Elkartasun jaialdiak 24 urte beteko ditu aurten, eta bere helburu historikoak gogoratu ditu. “Milaka kilometro utzi ditugu atzean 24 urte hauetan, baita istripuak, hildakoak, Espainiar eta Frantziar estatuetako espetxeak, bidesariak, mapa eta nabigatzaileak, zerbitzuguneak… Baina milaka lagunen elkartasun eta konpromezua ere izan dira ibilbide honetan protagonista, eta hauek ekarri gaituzte dispertsio politika krudelaren amaieraraino”.

Eta amaiera horrek, beste amaiera berri bati begira jartzen gaituela gogoratu dute, non “erronka berria” presoak etxeratzea den. Euskal errepresaliatu politikoekiko eta hauen senideekiko elkartasunaren hitzordu musikal hau Atarrabian datorren abenduaren 16an ospatuko da.

Esan bezala, Hatortxu Rockeko 28garren edizio honetan taulara igoko diren talde guztietatik seiren izenak aurreratu dituzte: Auxili, Los Chikos del Maiz, Burutik, Los Zopilotes Txirriaos, DJ Reimy eta Skabidean.

Gehiago