#HTX26 “Zer nolako altxorra den zuen ondoan Hatortxu antolatzea!”
Amaitu da asteburu osoko Hatortxurock jaialdiaren 26. edizio hau, eta balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek. Giro paregabea izan da Atarrabian, nahiz eta hainbat eraso sexista eta homofoboak izan. HTXrock jaialdiko 27. edizioa abenduaren 17an izanen dela iragarri dute.
2022-ko uztailak 31
Hatortxurock jaialdiaren 26. edizioaren balorazioa egin du antolatzaileek. Elkartasunez betetako 48 orduko jaialdia izan da, eta auzolan honetan 1.500 lagunek hartu dute parte. Milaka lagunak jai giro paregabean izan dira Atarrabian. Eraso sexistak eta homofoboak izan dira jaialdi honetako alde ilunena. Antolatzaileek, hainbat unetan, jaialdia gelditu zuten eta erasoen aurkako mezuak helarazi zituzten.
Hala eta guztiz ere, balorazio oso positiboa egin dute, eta auzolana azpimarratu dute. “Eskerrak ematen hasi nahi dugu lehen balorazio azkar hau. Eskerrak Hatortxuren 26. edizio hau posible egin duzuen guztioi. Hilabete luzeetan antolakuntzan ibili zareten talde zoragarri horri, egun hauetako boluntarioei, musikariei eta Atarrabiako gunean bildu diren milaka eta milaka lagun guztiei. Jaialdi hau denon artean egiten dugula errepikatzen dugu behin eta berriz eta aurten ere eredu izan zarete”.
23 urte dira Hatortxu dispertsioa salatu eta honek suposatzen zituen gastuak arintzeko helburuekin jaio zela. Eta berriz ere helburua betetzea lortu dutela adierazi dute. “Azken helburua, noski, Hatortxu Rock beharrezkoa ez den egun hori da. Eta asteburu hau bezalako ekimenei esker, egun hori gertuago dago”.
Bi urteko etenaldia
Azken bi urteko etenaldia “oso zaila” izan dela aipatu dute. “Zailak gizartearentzat eta zaila Hatortxurentzat ere. Zer esanik ez errepresaliatu politiko eta haien senideentzat. Guri dagokigunean, bi urte eta erdi izan dira dispertsioaren aurkako borrokan gure ekarpena egin ezinik. Eta galdutako denbora hori berreskuratzeko nahiarekin antolatu genuen amaitu berri den edizio berri hau. Eta lortu egin dugula azpimarratu nahi dugu”.
Boluntarioei, ikusleei, musikariei eta bestelako langileei eskertu diete egindako lana eta izandako portaera. “Zer nolako altxorra den zuen ondoan Hatortxu antolatzea!”, esan dute.
Esan bezala, eraso homofobo eta sexista eman dira Hatortxun, eta jaialdia gune segurua bilakatzeko helburuarekin martxan jarritako erantzun protokoloak funzionatu du. “Eraso hauek kudeatu ostean, erantzun soziala ematea ezinbestekoa izan zen eta egoeraren larritasunak Hatortxu ordubete lehenago amaitzera behartu gaitu. 3 eraso homofobo eta 5 eraso sexista salatu dira bi egun hauetan. Onartezina”. Hatortxu gune segurua izan dadin neurriak hartu dituzten arren “nazkaz eta amorruz beterik esan behar dizuegu ez dugula lortu. Baina ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu. Gure esku ditugun tresna eta baliabide guztiak jarriko ditugu HTX guztiontzko gune seguru bilakatzeko”.
HTX oraindik ez da amaitu
Oraindik edizio honetako lanak amaitu ez dituzte, eta datozen egunetan desmontaia eta garbiketa eginen dituzte, Atarrabiako herriari gunea behar bezala itzultzeko. Eta segituan lanean jarriko dira datorren edizioa antolatzeko. “Oraindik 180 euskal preso politiko daude espetxean. Haietako asko Euskal Herriko espetxeetan baldin badaude ere, oraindik badira beste asko espainiar eta frantziar Estatuetan urrunduta daudenak. Eta gero eta preso gutxiago daudela egia den arren, bakar bat ere gehiegi da. Eta bakar bat espetxean dagoen bitartean, Hatortxu Rockek lanean jarraitu beharko du”. 27. edizioan abenduaren 17an ospatuko da.