#HTX20: “Zorionak bai, baina lan handia dugu aurretik!”

"Ahaztezina izango zela esan genuen, eta ahaztezina egin dugu", esan dute Hatortxurock jaialdiko antolatzaileek ohar batean. "Denon artean" egingo zela esan zuten hala izan dela baieztatu dute. Balorazio oso positiboa egiten dute eta "indarrez eta arrazoiz pilatuta atera direla ziurtatu dute, "lanean jarraitzeko asmoz."

2017-ko abuztuak 2

Lakuntzako herriari eta herritarrei eskerrak eman eta gero, herri honetako Udaletxea eta euren langileei egindako lana eskertu diote HTX20 antolatzaileek, eta herri Hatortxu baino lehen zegoen bezala uzteko konpromezua hartu dute. Zentzu horretan, akanpalekua “zabortegi handi baten antzera” geratu dela salatu dute. “Badakigu Hatortxu Rock 20 eremu handian egin dugula. Saiatu gara zaborrak biltzeko ontziak jartzen, baina ez gara dena ongi egokitzera iritsi. Garbitasun txandek ahal izan duten guztia egin dute, baina akanpalekuan sortutakoari ezin izan diogu aurre egin. Hala ere, astelehenetik lan bikaina egin dute boluntario askok eta garbi itzuliko dugu lursail hau ere. Dena den, zera azpimarratzea gustatuko litzaiguke: Etorkizunean herri hau eraiki nahi baldin badugu, ingurugiroa zaindu beharra daukagu”.

Intentsitate baxuko hainbat eraso sexista

Balorazioa oso positiboa bada ere, antolatzaileek euren haserrea adierazi nahi izan dute izandako “intentsitate baxuko eraso sexistak” direla eta, baita eraso lesbofobo bat ere. “Eraso hauek direla-eta bi pertsona kanporatu genituen. Hatortxu Rock denontzako esparru segurua izatea nahi dugu eta beraz, ez zarete ongietorriak. Izan argi parean aurkituko gaituzuela. Eraso hauen berri salaketa eta laguntza telefonora jo zutelako izan genuen. Honek ez du esan nahi eraso gehiagorik egon ez denik. Gizarte guztiaren ardura da emakumeek pairatzen duten eraso sexistekin amaitzea”.

Orokorrean, aldiz, Hatortxu Rock 20aren balorazio oso ona egiten dute. Elkartasun, aldarrikapen eta jai egunak izan dira. Milaka pertsona bildu dira egunero Lakuntzan. Kontzertu guneak bete egin dira, eta gainontzeko aktibitateetan (hitzaldiak, mendi martxak, tailerrak…) jende ugarik hartu du parte. “Giro aparta sortu dugu guztion artean. Eta hau ere gerturatutako jende guztiari eskertu beharrean gaude”.

Denon artean, edozer

“Askotan eztabaida zoroetan galtzen gara gure artean eta aldiz, elkarlanean aritzen garenean gauza ikusgarriak lor ditzakegula erakutsi dugu beste behin”, adierazi dute. “Denon artean lortu dugu Hatortxu Rock 20 hau herri honen memoriaren txoko batean gordetzea eta eskema bera jarraitu beharko genuke herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko. Hasteko, etxean falta ditugun guztiak gure artera ekartzeko”. Garaipen sentimendu handi batekin bukatu zela Hatortxu Rock 20, baina Kepa del Hoyo euskal preso politikoaren heriotzak “erakutsi digu dena dagoela egiteko. Ez dugula galtzeko betarik. Denak etxean behar ditugula eta ez etorkizuneko data batean, gaur baizik”.

Auzolanean izandako 6.718 boluntarioei ere eskerrak eman dizkiete, baita ere HTXn aritu diren herri komunikabideei, horien artean Naiz, Info7 Irratia, Eguzki Irratia, Haimaka Telebista, Topatu, Ekinklikargazkilariak eta Ahotsa.info.

Gehiago