#HSFk2017 Plaza txikien apostuarekin jaiaz gozatzera gonbitea luzatu du Herri Sanferminak
Aurten Baratxurien plaza eta O plazan kokatuko dira Herri Sanferminetako guneak. Bertan herritarrak jaietako protagonistak izatea bilatuko da "jai eredu parte hartzaile" bat bultzatuz. Egitaraua ere aurkeztu dute.
2017-ko ekainak 9
2016ko Sanferminen arrakastaren ondoren, aurtengo Sanferminei begira aspaldi hasi ziren lanean Herri Sanferminetako partaideak. “Aldaketen Sanferminak” izan ziren pasa den urtekoak, eta norabide horretan sakontzea da herri eragileen helburua. “Urteak eman ditugu Iruñeko bizitza sozio-politikoan baztertuak, eta Udalean emandako aldaketari esker ate ezberdinak zabaltzen hasi dira herri mugimendua osatzen dugun eragileontzat”, adierazi dute gaur San Jose plazan emandako prentsaurrekoan.
Sanferminetako mahaiaren parte hartzea zabaldu eta handitu egin dela gogoratu dute, eta datozen urteetan jai ereduaren gaineko hausnarketa eta ekarpena egiteko aukera eta benetako mahai erabakiorra osatzea dute lehentasuna. “Askotan esan dugu, herritarrok gure jaietako protagonista nagusiak izan nahi dugula, jaiaren erdigunean ikusi nahi dugula gure burua. Horretarako, jaiaz gozatzeaz gain, jaiak ere antolatu nahi ditugu”, ziurtatu dute.
Aurten Baratxurien plazan eta O plazan eraikiko dira Herri Sanferminetako guneak. Plaza hauek jaia nola ulertzen duten erakuslehio bihurtu nahi dituzte. “Mundu mailan ezagunak diren jaien erakusleihoa aprobetxatuta, plazaren erdira eraman genuelako bestelako jai eredu bat. Guztion ahaleginaren bidez egingarria den jai eredu parte hartzaile, herrikoi, euskaldun, feminista bat, eta baita ekologikoagoa, anitza, kulturala eta antikapitalista ere”, azpimarratu dute.
Plaza txikien aldeko apustua badu bere zentzua. “Iruindarron kokaleku naturala hori delako” eta gune handiek “sistema kapitalista heteropatriarkatuaren baloreak erreproduzitzeko erraztasunak ematen” dituztelako, beste aldetik. “Plazek gure baloreak zeharka lantzeko aukera ematen digute eta baita balore hauen normalizazioa lortzeko aukera ere. Eta horregatik plazaren erdian euskaraz libre bizitzeko hautua egina dugu, emakumeak aske bizitzeko hautua, auzolanean, autogestioan, ezberdinen artean eta modu jasangarriagoan jaiez gozatzeko hautua egina dugu”, esan dute Herri Sanferminetako bozeramaileek.