Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa adostu dute Kontseilua eta Uharteko Udalak
Hiru lurralde administratiboetan landuko dira Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa proiektu pilotuak. Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten jarriko dira martxan proiektu hauek, zein bere ezaugarriei atxikirik. Bi helburu nagusi ditu egitasmo honek: proiektuaren baliagarritasuna aztertzea, eta beste udal edo herriko etxe batzuetan aplikatzeko irizpideak ateratzea.
2021-ko apirilak 15
Azken hilabeteetan egindako lanketaren berri emateko eta erdietsiko akordioak publiko egiteko Hendaiako Herriko Etxeko Kontseiluaren Gelan bildu ziren atzo Euskalgintzaren Kontseiluak eta proiektu pilotu bat landuko duten Hendaiako, Arrigorriagako eta Uharteko ordezkariak.
Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta hiru udaletako ordezkariak bildu ziren; hain zuzen, Kotte Ecenarro, Hendaiako Auzapeza, Maite Ibarra, Arrigorriagako Alkatea, eta Edorta Beltzunegi, Uharteko Alkateordea. Hitzarmenaren jatorria Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da. 2016an aurkeztu zen Donostian, eta esan bezala, Europa osoko hogeita hamar hizkuntza-komunitate baino gehiagoko120 gizarte eragileren sostengua jaso zuen, bai eta Frantziako estatuko hizkuntza-komunitateetako eragileena ere. 2019ko azaroan Gasteizen eta 2020ko otsailean Baionan, Protokoloa oinarri, tokiko administrazioei egokitutako dokumentu bana aurkeztu zen.
Dokumentu horietan herriko etxeek eta udalek hizkuntza-politika egokiak lantzeko neurriak jaso ziren. Hasieratik, proposamenak Euskal Herrian dagoen errealitate administratiboari egokitu nahi izan zitzaizkion. Hortik etorri ziren, beraz, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan, Hego Euskal Herrirako eta Ipar Euskal Herrirako egokitzapenak hurrenez hurren. Proiektu pilotuak Kontseiluak aurkeztutako bi proposamen horien baliagarritasuna egiaztatzeko asmoz hiru herritan proiektu pilotuak jarri ditu martxan: Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Horrela, errealitate administratibo desberdinetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste udal edo herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak ateratzea da asmoa. Eta, nola ez, aldi berean, proiektu pilotua jorratuko den hiru herrietan hizkuntza-politikak definitzeko tresna izango dute eskuragarri.
Paul Bilbaok azaldu zuenez, «proiektu zinez berritzailea da, oinarri bera erreferentzia gisa harturik, euskal lurralde osorako baliagarria izango den hizkuntza-politikarako ildo nagusiak definitzen ahalko ditugu».
«Erronka handia Kontseiluarentzat, eta espero dugu proiektuaren emaitzari esker beste herriko etxeentzat eta udalentzat ere baliagarria izatea», gaineratu zuen Bilbaok. Proiektua bi fasetan igaroko da. Lehen fase batean Udal eta Herriko Etxeetarako Garapena oinarri harturik, diagnostiko bat osatuko da. Bertan herriko hautetsiek, teknikariek, bai eta herriko euskalgintzako eragileek ere, parte hartuko dute. Bigarren fasean, aipatu dokumentua oinarri hartuta,hizkuntza-politikarako lerro nagusiak definitzen ahalko dira. Bukatzeko, herriko etxe eta udaletako hautetsiek hizkuntza-politika zehazteko eta aitzina eramateko bidea prest izango dute. Hiru errealitate Paul Bilbaok gogotik eskertu zituen hiru udalak, hain zuzen, proiektuan parte hartzeko lehen unetik agertu duten prestutasunagatik.
Uharteren kasua izan zuen hizpide Kontseiluko idazkari nagusiak: «Nafarroan legeak ezarritako eremu mistoan kokatutako udalerria, urteetan jadanik euskararen aldeko politika eramaten ari dena eta, beraz proiektu honetan beste ikuspegi bat izaten lagunduko diguna. Halaber, gure aldetik etorkizunean zer nolako neurriak abian jar daitezkeen esploratzeko aukera eskainiko diogu eta, beraz, udalarentzat bultzada edo akuilu izango da lanean jarraitzeko».
Jarraian Uharteko Alkateorde Edorta Beltzunegik azaldu zuen «zalantzarik gabe» jo zutela Kontseilura proiektu pilotuan parte hartzera. «Orain dela 31 urte euskara zerbitzua sortu zen Uharteko Udalean, eta euskaldunen kopurua gero eta handiagoa da. Gaur egun 16 urtetik goragoko %24 inguru da euskalduna da eta %10 euskaldun hartzaile, eta 16 urtetik beherakoen %50 inguru. Hortaz, egokia iruditu zitzaigun proba pilotu honetan parte hartzea, besteak beste, herritarren hizkuntza-eskubideen bermeari begira udala zein puntutaraino dagoen prest, eta zein neurri berri har dezakegun ebaluatzeko», gaineratu zuen Beltzunegik.