Hezkuntzako langileen lan zama asko igo da STEILASen inkestaren arabera
COVID19ak hezkuntzan sortutako egoera zein den ikusteko, STEILAS sindikatuak inkesta bat luzatu die Hego Euskal Herrian hezkuntza arloan telelanean diharduten langileei. Lan zama asko igo bada ere, zailtasunak zailtasun, egoera berrira ondo egokitu direla ondorioztatu daiteke etapa eta espezialitate ezberdinetako 1.500 langile inguruk parte hartu duten inkesta honetatik.
2020-ko apirilak 16
“Ahal duguna eta gehiago ematen ari gara” inkestaren erantzunetan hainbat aldiz errepikatzen da. Orokorrean, langileen bi herenek lan ordu gehiago sartu behar izan dituzte egun hauetan, bereziki Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Bestetik, ikasleen jarraipena %80 ingurukoa izaten ari dela erantzun dute eta, adinean aurrera joan ahala, ikasleen errendimenduan konfinamenduak eragin handiagoa izan duela. Hala ere, inkesta honen arabera, errendimenduan galera txikiena jasan duten ikasleak Batxilergokoak eta Unibertsitatekoak dira, zoritxarrez gizarte- bazterketa arriskua duten ikasleak apenas iristen diren etapak.
Ondorio hauekin, sindikatuak egoera berriak sortutako beharrak asetzeko eskaerak mahaigaineratu dizkio Hezkuntza Departamentuari, argibideak eskatu eta proposamenak egin ditu. Aldi berean, duela hilabetera arte mahai gainean zituen aldarrikapenei tinko eutsiko diela azaldu du; “koronabirusa joango da, baina ratioen jaitsiera, 60 urtetik gorako langileen erretiroa edo eros ahalmenaren berreskuratzeak gure lan agendan jarraituko dute.” Honez gain, Departamentuari exijitzen dio baja guztiak ordezkatzea eta lehenbailehen LET ataria berriz abian jartzea, esleitze horiek gardenak izan daitezen.