Hezkuntza sindikatuek ez dituzte mobilizazioak baztertzen Departamenduak negoziazioa irekitzen ez badu

Heldu den astelehenean, urtarrilaren 22an, deitua dagoen Hezkuntzako Mahai Sektorialaren harira, STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Departamentuari irakasleen kezka diren gaien inguruko negoziazio prozesu bati ekin diezaion eskatu diote. Parlamentuaren aurrean egindako agerraldi batean adierazi dute ez dutela mobilizazioak baztertzen.

2024-ko urtarrilak 18

“Hezkuntza Publikoko irakasleok %20tik gorako galera izan dugu gure erosteko ahalmenean. Egun, erronka asko eta zailak ditugu Hezkuntza arloan eta Nafarroako irakasleon lan beharren eta ikasleen arreta hobetzeko neurrien inguruko negoziaziorik ez da orain arte eman”, salatu dute sindikatuek. Euren aldarrikapenen artean hobekuntza ekonomikoa, ratioen jaitsiera, irakastorduen murrizketa, burokrazia eta lan zama arintzea edota plantillaren egonkortzea aipatu dituzte.

Sindikatuek eskatu diote Hezkuntza Departamentuari asteleheneko Mahai Sektorialean egutegi zehatza izanen duen negoziazio prozesu bat irekitzea “irakasleon interesak diren gai horiek eta bestelakoak jorratzeko”.

“Gogorarazi nahi dugu ikasturte honen hasieran, lehen Mahai Sektorialean, Gimeno Kontseilariak sindikatuoi etengabeko elkarrizketaren aldeko jarrera adierazi zigula. Eta horixe da, hain zuzen ere, astelehen honetarako eskatzen duguna, Departamentu eta sindikatuon arteko negoziazio prozesua. Gure aldetik, prest gaude negoziatzeko, baita helburu hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere, mobilizazioak barne”, aipatu dute.


ELA grebaren alde

ELA sindikatuak ohar baten bidez adierazi du ELAk aurreko ikasturteko grebei berriro ekin gabe “ezin izango dela presiorik egin Hezkuntzako mahai sektorialean”, eta hezkuntza komunitatea eta indar sindikal guztiak “gure eskubideak hobetzeko benetan eraginkorrak diren presio dinamiketara batzera” gonbidatzen ditu.

Gehiago