Hezkuntza publikoan irakasleak “egonkortzeko” prozesua iruzurra dela dio STEILASek
Hezkuntza publikoan irakasleak “egonkortzeko” prozesua iruzurra izaten ari dela salatu du STEILAS sindikatuak. Guztira, 766 lanpostu baino ez dira deitu, Espainiako eta Nafarroako gobernuek Europako zuzentarauaren interpretazio "erabat murriztailea" egin ondoren. Horren arabera, interinitate tasa ezin da % 8tik gorakoa izan, uste du hezkuntzaren sindikatuak.
2023-ko ekainak 30
Nafarroan irakaskuntza egonkortze prozesua 3 modu ezberdinetan egin da, gainerako hezkuntza administrazioetan ez bezala, haietan prozesu bakarra egon baita. Horrela, Estatuko kidegoetako lanpostuak gaztelaniaz, Estatuko kidegoetako plazak euskaraz eta PAIko foru sasikidegoko lanpostuak deitu dira.
STEILASek emandako datuen arabera, lehenbiziko kasuan, Hezkuntza Departamentuak parte hartu du Hezkuntza Ministerioak koordinatutako prozedura batean. Prozedura horretan, irakasleek batera parte har zezaketen 14 autonomia erkidegotako egonkortze prozesuetan. Prozedura erkide horren helburua zen, ustez, funtzionario lanposturik ez galtzea, pertsona berari zenbait lanpostu esleitu baitzitzaizkion administrazio batzuetan. Hala ere, prozedura horren ondorioz, Nafarroan funtzionarizatutako langileen % 37k bakarrik lan egin du ikasturte honetan herrrialdeko sistema publikoan (89 238tik). Bestalde, puntuazio gehien lortu duten irakasle interinoen sail bat beste erkidego batzuetan funtzionarizatu da.
Euskarazko lanpostuetarako izen-ematea Nafarroan egin behar zen. Ezin zen prozedura komunaren bidez egin; izan ere, Nafarroa da espezialitateak euskaraz edo gaztelaniaz ematen diren kontuan hartuta bereizten dituen autonomia erkidego bakarra. Egonkortu diren % 78 Nafarroan lanean ari dira ikasturte honetan (71 77tik).
PAIko merezimendu-lehiaketan ere eman behar zen izena Nafarroan, eta egonkortu diren % 91 herrialdean lan egiten ari dira aurten (197 217tik). Gainera, kasu honetan esleipen osagarriak egiten dira langileek, lehenbiziko lanpostu bat esleitu zaienean, uko egiten badiote edo eszedentzia eskatzen badute. Hori ez dator bat Estatuko kidegoetako lanpostuekin, galdu egiten baitira behin betiko esleipenak argitaratu ondoren uko eginez gero.
Sindikatuak salatu du PAIren aritzen diren irakasleei ematen zaien tratamendua. “PAIren funtzionario-tratamendu lagungarria politika baten erpina da, programari giza baliabide egonkorrak amarruen bidez, hala nola ingeleseko espezialisten oposizioak deitzea, gero tutore izateko, edo ingeleseko titulazioa duten kontratazio zerrendetako irakasleen entresakak egitea, PAI kontratazioko pseudozerrendak eratzeko. PAIren berezko ezegonkortasuna murrizteko irakasleen sasikidego bat asmatu dute, irakasle askok ahal bezain laster uzten baitzituzten lanpostu horiek. Funtzionarizazioa errazten da, baina irakasleak sartzen dira aurreikusi ezin diren ondorioak dituen sistema batean.”
Beste dimentsio batean sartu da Departamentuak irakasleen plantillaren ordez PAI plantilla jartzeko asmoa. Orain arte, Departamentuak kontrolatzen zituen ingeles betekizuna zuten lanpostuak; PAIren Legearekin, irakasle horien funtzionarizazioa ere kontrolatzen du, eta lanpostu mota horretara mugatzen ditu.
Egonkortze hori PAIra baino ez da iritsi. Urtero, batez beste, 328 irakasle erretiratzen dira hezkuntza publikoan; beraz, bi urtean egonkortzeko prozesuan 766 lanpostu izateak ez du ia batere murriztuko interinitatea, PAIn izan ezik. Gaztelaniazko kidegoetako lanpostuetan, funtzionarizatutako langile gehienak beste administrazio batera mugitzen saiatuko dira, eta euskaraz deitutako lanpostu kopurua oso urria da, eragin esanguratsua izateko.
“Jarduneko gobernuaren antzeko beste gobernu “aurrerakoi” berri batek ez dizkio ekarriko hezkuntza publikoari ezegonkortasuna eta apartheida baizik”, salatu du STEILAS sindikatuak.