Hezkuntza departamentuaren uzkeria interinoen zerrenden kudeaketan
2015-ko maiatzak 5
Bada garaia Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kontratazio zerrenden kudeaketa gardena izan zitekeena haien uzkeriak harrapatu zuela.
Duela hainbat urte, zerrenda berriak beharraren arabera ireki eta urtero birbarematzen ziren era garden batean; hots, kudeaketa publiko bat bezala uler dezakeguna.
Baina hara non, 2009. urtean Departamentua konturatu zen honek lan asko ematen ziola, eta nola urtero Haur eta Lehen Hezkuntzako edota Irakaskuntza Ertainetako oposaketak zeuden txandaka, eta bertan birbaremazioa egin egiten zen… Ba zertarako egingo dugu lana bi aldiz! esango zuten…
Urte horretan bertan zerrenden osaketarako kudeaketa araudi berria martxan jarri zuten (60/2009 Foru Dekretua), eta hortik aurrera zerrendak mailakatuak izanen ziren: lehenik, oposizioan plaza atera gabe geratu zirenak; bigarren, oposiziora aurkeztu eta protokoloa bete zutenak zein zerrenden irekiera xumeen bidez sartuak -bai apuntatzeko deialdi zein asteburuko urgentziazko deialdien bidez (xumeak diot titulazio orijinalik ere ez baita eskatzen, esan bezala dena lana ‘errazteko’); eta azkenik, gaur hau idazteko arrazoi nagusi ditugun Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (hemendik aitzin NEZ) zerrenda opakuak.
Baina zintzoak bagara esan beharko genuke 2009ko interioen 60/2009 inposatutako Foru Dekretuaren benetako helburua honakoa zela; interioen kolektiboa banatzea, ahultzea eta ezegonkor bihurtzea. Ez du inongo zentzurik zerrendetako postua mantetzeko oposaketa berdina behin eta berriro gainditu behar izatea, horrek interinoen artean baita ikastetxeetan ere ikaragarrizko egonkortasun falta dakarrelako. Baina argi dago Departamentuaren irizpidea zein izan den azken urteotan; interino zaharren lekuan berriak jartzen baditugu ez diegu aintzinatasuna ordaindu beharko, gutxiago kexatuko dira zaharrek zituzten eskubideak ezagutu ez zituztelako eta lana galtzeko beldurragatik…
Baina araudiak ezartzen duen NEZ-eko laugarren zerrenda horietara itzul gaitezen. Zerrenda ezgardenak direla esan dugu, beraien kudeaketari buruz inork azalpenik eman behar ez duelako: Departamentuak zerrenden kudeaketa hezkuntzaz kanpoko beste erakunde baten eskuetan jarri duenez, sindikatuok informazioa jaso nahi izan dugunean, NEZen lana ez dela gure konpetentziakoa erantzun digute. Honela ba, gertaerengatik jakin dugu haien jokabidearen berri.
Eta esan behar da Espainiar estatuan dauden erkidego desberdinetako enplegu zerbitzu bakoitzak legez bere erkidegoko izengaiak kudeatzeko era baino ez duela; hau da, leku horretan erroldatua ez bazaude ez duzu bertan lan egiteko aukerarik. Honela ba, gertatzen ari dena honakoa da, nafar irakasleak beste edozein lekutako zerrendetan izena eman dezakete arazo gabe, baina aitzitik, hemen, gure foru erkidegoan Hezkuntzako zerrendetan apuntatzeko, bertakoa izan behar duzula. Arau honek Nafarroan erroldatuta ez dauden izengaiek izena eman ezin izatea ekarri du, eta erabat bidegabekoa da.
Duela urte batzuk ere arazo berarekin aurkitu ginen, eta Departamentuko arduradunek onartu zuten diskriminazioa bazegoela beste erkidego batzuetako jendearekiko eta segidan NEZi zerrenda hauek era irekian kudeatzeko agindu zitzaion…baina hiru urteren buruan, berriz honekin aurkitu gara eta kaltetuak asko ari dira izaten, NEZeko zerrendak 3 urtetarako balio baitute. Konponbidea? Zerrenden kudeaketa hau bertan behera uztea eta behingoz era txukun eta bidezkoan zerrenda bakar eta barematuak osatzea, interes izkutuak eta kudeaketa alferra bertan behera utziz. Langileon aukera berdintasunak irabaziko duelakoan,
Aitor Laka eta Asier Velez de Mendizabal
steilas
euskal herriko irakaskuntza langileen sindikatua