Hezkuntza arloko deseskalatze prozesurako plana sindikatuokin eta hezkuntza komunitatearekin negoziatzeko eskatu du ELAk
Plan horrek osasun irizpideak lehenetsi eta irizpide pedagogikoak aintzat hartu behar ditu, ELAk hezkuntza departamentuari helarazi dion dokumentuan jasotzen den moduan. Gaur egungo egoerak ikasleen zein langileen osasuna eta azken hauen lan baldintzak bermatzen ez dituenez, ezinezkoa da ikastetxeak irekitzea.
2020-ko maiatzak 8
Krisi honen kudeaketan Hezkuntza Departamentua hartzen ari den neurri eta erabaki ororen berri komunikabideen bitartez ari da izaten sindikatua. Ez da langileen ordezkariekin inolako parte hartze errealerako esparrurik egon ez eta negoziaketa prozesurik ere. Honek agerian uzten du hezkuntza departamentuak bere langileekiko duen errespetu falta eta mespretxua.
Azken egunotan deseskalatze prozesua dela eta hainbat informazio anabasa heltzen ari zaigun honetan, Hezkuntza Departamentua ikasketa presentziala berrabiarazteko aukera aztertzen ari da zenbait hezkuntza etapetan, 6 urtetik beherako ikasleak dituzten etapetan adibidez edo Heziketa Bereziko ikastetxeetan, edota gelako ikasle kopurua murrizteko aukera.
Hezkuntza departamentuak ez du oraindik ordea, ikastetxeetako jarduera berrabiarazteko ez plan ez prozedura zehatzik ofizialki plazaratu. ELAk bere buruari galdetzen dio esaterako, ea pedagogikoki posible den 6 urtetik beherako umeek edo Heziketa Bereziko ikasleek distantzia soziala mantentzea eta babes neurriak errespetatzea. Gure ustez hau ez da posible. Gaur egungo egoerak ikasleen zein langileen osasuna eta azken hauen lan baldintzak ez ditu bermatzen, eta horrela ezinezkoa da ikastetxeak irekitzea.
ELAren ustez lanerako bueltak eragiten dituen kontziliazio arazoak enpresa pribatuen interesen arabera kudeatzen ari dira, gure seme-alaben beharrak kontuan hartu beharrean. ELAk Nafarroako Gobernuari exijitzen dio gurasoek testuinguru honetan beharrezko izango dituzten baimenak hartu ahal izateko beren ohiko soldaten tamainako prestazio soziala ezartzea, eta zaintza beharrak lehenestea enpresa-irabazien gainetik.
Era berean egoera honen aurrean, ELAk Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntza arloko deseskalatze prozesurako plana sindikatuokin negoziatzeko eta hezkuntza komunitatearekin partekatzeko deia luzatzen dio.
ELAk, deseskalatze prozesurako plan horrek osasun irizpideak lehenetsi ditzala eta irizpide pedagogikoak aintzat har ditzala galdegiten dio, segurtasun-berme osoa eskainiz, behar diren giza baliabide zein baliabide materialak bideratuz eta inprobisazioa saihestuz. Argi dugu horrelako planteamentu bat ez dela erreala ikasturte honen bukaerarako, eta ezinbestekoa dela datorren ikasturte hasiera planifikatzea egoerak eskatzen duen neurrian.