Hezitzaile Eskoletako irakasle eta langileek instalazioen egoera prekarioa salatu dute
2025-ko irailak 9
Hezitzaile Eskolako irakasle eta irakasle ez diren langileek, “espazio falta eta obra handi batek eragin dezakeen hezkuntza kalitatearen falta” salatzeko prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Ikastetxe honetan bost lanbide-heziketa ziklo ezberdin eskaintzen dira, eta guztira 800 ikasle daude formakuntza desberdinetan matrikulatuak.
2024an Hezkuntza Sailak alde bakarrez erabaki zuen Hezitzaileen Eskola Ezpeleta Jauregitik Víctor Pradera Ikastetxera eramatea. Eskola honen egoera kaxkarra zela eta, pasa den ikasurtean izandako bilera batean Hezkuntza Saileko arduradunek ziurtatu zieten Víctor Praderaren bi eraikinetako lanak amaituta egongo zirela 2025-2026 ikasturterako, baina ez da horrela izan. “Guk, lehenik eta behin, Ezpeleta Jauregian jarraitzeko aukera azpimarratu genuen, eta, bigarrenik, lekualdaketa hori atzeratzea bi eraikinetako obrak erabat bukatu arte”. Hala ere, Sailak ezezko borobila eman zien.
Esan bezala, lanak ez dira amaitu eta eskoletako instalazioak egoera prekario batean daudela azpimarratu nahi izan dute agerraldian, horrek ikasleengan dituen ondorio guztiekin. “Aurreko ikasturtean bezala, gure ikasleek ezin izango dute gozatu ez tailer profesionaletarako guneez, ez jolastokiaz, ez liburutegiaz, ez ATECA gelaz, ez gela polibalenteaz, ez areto nagusiaz, ez taldeka banatzeko gelaz, ez eta banakako tutoretzarako gelaz ere”.
Aurreko ikasturtea lehen eraikineko obrak amaitu gabe hasi zen: kableak, hautsa, interneterako sarbiderik ez, komun faltak… “Eta ahal izan genuen bezala hartu genuen gure ikasleria. Ikasturte osoan zehar espazioen gabezia nabarmendu zen (suposatuz lekualdaketa horren arrazoia, gabezia hori konpontzea zela), eta aurreko urtean, alboan eraikin huts bat egon arren, ezin izan genuen erabili ez baitzuen prestakuntzarako baldintzarik betetzen. Lekualdaketa eta obren artean, dagoeneko 4 ikasle-promozio daude beharrezko baliabiderik, tailerrik, espaziorik eta materialik gabe, kalitatezko lanbide-heziketa bat izateko”.
Ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak jakinarazi dietenez, bigarren eraikinaren obrak urria amaieran has daitezke, 10 hilabeteko iraupenarekin. “Hau da, ikasturte osoan zehar, hezkuntza-komunitate osoak 20 metrora pairatu beharko ditugu zaratak, hautsa, patioan furgonetak… hiru solairuko eraikin handi bat oinarritik berritu eta egokitu behar duen obra handi batek dakartzan guztiak. Honek oso kezkatuta uzten gaitu, bereziki Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleak nabarmenki kaltetuko direlako. Arriskuak ugarituko dira eta hori komunikatzeko erantzukizuna eta betebeharra dugula sentitzen dugu”, adierazi dute eman duten prentsaurrekoan.
Irakasle eta langileek berriz luzatu diote proposamena Hezkuntza Sailari: obrak amaitu arte behin-behinekoz Ezpeleta Jauregira edo beste hezkuntza-espazio batera eramatea, baina ez dute inolako erantzunik jaso.
