“Herritarrok aldaketari bultzada emango diogu Anaitasunan”

Alor desberdinetan aritzen diren hainbat lagunek larunbatean Anaitasunara joateko deia egin dute Iruñeko Foruen monumentuaren aitzinean.

2015-ko apirilak 21

Larunbatean, 18:30ean, Anaitasuna kiroldegian, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko ekitaldia geinen dute. Kontseiluaren arabera, euskaldunei haien ahaleginarengatik eskerrak emateko ekitaldia izanen da. Atzo, gzarte zibileko hainbat ordezkarik ekitaldi horretan parte hartzera deitu zuten. Han izan ziren Julio Soto bertsolaria, Jon Barberena bertsolaria, Juan Kruz Lakasta kazetaria, Peio Martinez de Eulate pilotari ohia, Castillo Suárez idazlea, Aitor Txarterina artista, Sergio Labaien kazetaria, Mikel Taberna idazlea, Ritxar Sanzol futbol jokalari ohia, Jon Alonso idazlea, Inma Errea itzultzaile eta idazlea, Oier Sanjurjo Osasunako jokalaria, Anabel Arraiza aktorea, Xanti Begiristain zinegotzi ohia eta Jose Miguel Lana NUPeko irakaslea.

Hona hemen Julio Sotok guztien izenean irakurritako agiria:

"Gu gaurko euskaldunak, gure aitasoen illezkorren oroipenean, bildu gera legea gorde nahi degula erakusteko

Horixe dio atzean dugun Foruen monumentuak. Eta gu, gaurko euskaldunok, Nafarroan euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugula esateko bildu gara gaur hemen.

Lurdesi ez diote bere alabak euskaraz ikas dezan aukerarik eman, Mendigorriakoa izanik ez baitagokio. Mikeli ez zioten inolako diru-laguntzarik eman heldutan euskara ikasteari ekin zionean. Mari Carmenek medikuarekin ezin du euskaraz ari, ez nahi ez duelako, herrira mediku erdalduna bidali dutelako baizik. Xabierrek ingeniaritzan gaztelaniaz matrikulatu behar izan du, magisteritza salbu beste karrera guztiak gaztelaniaz eskaintzan baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Halere, Lurdesen alabak euskaraz ikasten du egunero Garesera eramatea determinazio eta gogo handiz erabaki duelako. Mikel dagoeneko euskaraz aritzeko gai da eta euskaltegiko kideekin plan ederrak egiten ditu! Mari Carmenek oraindik ez du lortu mediku euskalduna jartzea, baina Behatokian kexa jarria du eta bere herriko beste hainbatekin batera antolatu eta Nafarroako Gobernuari erreklamazioa bideratua dio. Xabierrek klase ordu horiek gazteleraz jaso arren unibertsitateko euskara taldean sartu da eta ikasketak amaitu aurretik ikasgai batzuk euskaraz jasotzeko borrokatzen ari da.

Aditu askok hitz egin du euskararen jatorriaren misterioaz. Mitxelenak zioen benetako misterioa, ordea, bere biziraupena zela. Guk argi dugu biziraupenaren misterioa zertan den: izen abizenak, aurpegiak, bihotzak, buruak eta eskuak dituzten herritarrak dira. Etengabe lanean, eraikitzen, ikasten, irakasten… Zailtasunez beteriko testuinguruan irtenbideak bilatzen jakin duten herritarrak dira. Eta aurrerantzean ere horiek izanen dira Nafarroan euskarak aurrera egitearen motorra. Etengabea izan da Nafarroako Gobernuak jarritako zangotrabei herritarrek emandako erantzun adoretsua.

Hasi euren etxeak hipotekatzetik ikastola bat eraikitzeko, auzoko tabernan Berria egunkaria egon dadin diru bilketa egitera edo irratia euskaraz entzuteko bazkide izatera. Zuetako bakoitzari esker GARA. Baina herritarrok egiten dugun ahalegina ezin da etengabe zanpatua eta zapaldua izan Nafarroako Gobernutik. UPNren zoritxarreko garaian, gure hizkuntzaren kontrako eraso politikoa biziki areagotu da. Bere herritarren kontra aritu da UPN, herritarren egunerokoa gogor baldintzatuz. Horregatik ozen diogu hizkuntza-politiketan aldaketa behar dugula: errotik eta urgentziaz. Bestela, ez da aldaketarik izango Nafarroan.

Apirilaren 25ean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 18:30ean Anaitasunan eginen duen ekitaldiarekin bat egiten dugu gaurko euskaldunok, eta herritarrak mugarri izanen den egun horretan parte hartzera deitzen ditugu. Zuetako bakoitzaren energia biltzeko (g)une izanen da Anaitasuna eta behar dugun aldaketaren epizentro bilakatuko dugu. Bertan espero zaituztegu!".

Gehiago