Herritarren aktibazioari eta erakundeen erantzukizunari dei egin diete euskalgintzako hainbat eragilek

Paul Bilbao (Kontseilua), Kike Amonarriz (Topagunea), Ibai Sueskun (Errigora), Alizia Iribarren (AEK), Arantza Atutxa (Durangoko Azoka) eta Koldo Tellitu (EHko Ikastolen Elkartea) izan dira Bilbon egindako agerraldian. Herritarrek euskararen aldeko ekimenetan parte hartu dezaten eskatu dute, Euskaraldian, Errigoran edo Durangoko Azokan, esaterako; eta erakundeei berehalako neurri zehatzak eskatu dizkiete.

2020-ko azaroak 10

Pandemiaren lehen olatuak agerian utzitako hutsune eta desberdinkeriak bizi-bizi daudela iritsi da bigarrena. Eta oraingoan ere estu hartu ditu euskara eta euskalgintza , lehendik zetozen gabeziak gordindu besterik ez dituelako egin. Hala salatu dute Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean egindako agerraldian. Izan ere, euskalgintzaren hainbat proiektu mugarri bertan behera geratu behar izan dira; hala nola, Korrika edo Ikastolen eta Eskola Publikoen festak. Aurrera egitea lortu dutenek, aldiz, hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte, zailtasunak zailtasun; Errigora eta Durangoko Azoka, kasu. Egoera honen aurrean, guztiek ziurtatu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela herritarren aktibazioa eta babesa, eta erakundeei eskatu diete erantzukizunez jokatu dezatela, euskalgintzaren eta euskal hiztunen eskubideen aldeko erabaki estruktural eta iraunkorrekin.

Kontseiluak badu mahaigainean horretarako proposamena: Geroa euskaratik adierazpena. Ekainean aurkeztu zuen erakundeei zuzendutako dokumentua, eta «euskalgintzari arnasa eman eta denon hizkuntza eskubidea bermatzeko eta gizarte berdinzale eta kohesionatuago bat lortzeko» neurri zehatzak jasotzen ditu. Inoiz baino beharrezkoak direnak, Paul Bilbao idazkari nagusiaren hitzetan.

Herritarren parte hartzea
«Euskalgintza ez dago geldirik», ziurtatu du Paul Bilbaok. Horren adibide dira itxialdian zehar euskal sortzaileek eskainitako hamaika sareko saioak, euskaltegiek helduak euskalduntzen jarraitzeko egiten ari diren ahaleginak… «Hainbat egitasmo doitzen dabil euskalgintza, itolarriak itolarri, eta beti bezain aitzindari. Eta herritarrek ezin diete bizkar eman, orain ez: aparteko aukera dugu proiektu horietan parte hartuz, proiektu horiek babestuz, erakusteko euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea dugula . Euskalgintza bizirik dagoelako, denok garelako euskalgintza ».

Euskaraldia da ate joka ari den proiektu horietako bat. Parte hartzea inoiz baino premiazkoa izango dela dio Kike Amonarrizek, Euskaraldiaren antolatzaile den Topaguneko lehendakariak: «Egoera honetan ere, ezinbestekoa izango zaigu herritarren jarrera aktiboa , komunitate gisa antolatu eta jokatuko duena; une zail hauetan euskararen aldeko jarrera proaktiboa erakutsi eta zabalduko duena, euskaraz bizi ahal izateko urratsak egiteari utziko ez diona eta euskarazko kultura sortzen, gozatzen eta babesten jarraituko duena».

Ildo beretik hitz egin dute Arantza Atutxa Durangoko Azokako ordezkariak eta Ibai Sueskun Errigorako kideak. Durangoko Azokak sarerako apustua egin du, horrek dakartzan ondorio sozial eta ekonomikoekin, eta, sarearen bidez bada ere, urteroko bisitari eusteko deia egin du antolakuntzak. Errigorak, bestalde, aparteko esfortzua egin behar izan du, Sueskunen hitzetan: «Inoiz baino zailtasun gehiago topatu arren, sinetsita baikaude inoiz baino beharrezkoagoa dela ahalegina». Izan ere, Errigorako saskien salmentetatik jasotako laurdena AEK, Seaska eta Sortzenera bideratuko ditu ekimenak. Salmenta zabalik dago.

Gogoratu denes, Korrika zein euskarazko irakaskuntzaren aldeko jaiak bertan behera geratu direla aurten. Proiektu mugarriak dira, eta erabaki gogorra izan dela diote Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Alizia Iribarne AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Hala ere, lanean jarraitzea inoiz baino premiazkoagoa dela ziurtatu dute, eta oroitarazi dute denon babesa ezinbestekoa dela.

Euskararen aldeko politikak
Herritarren parte hartzea bezain garrantzitsua dira erakundeen erabakiak, Bilbaok dioenez: «Babes hori ezin da herritarren bizkar ipini. Administrazioak, erakundeek eta eragileek ere erantzukizunez jokatu behar dute, erantzukizunak partekatu behar dira. Hiztunoi euskararen erabilera erosoa bermatzeko urratsak egin behar dituzte erakundeek: erabaki eta neurri zehatzekin . Hitzetatik egitera pasatzeko». Geroa euskaratik izan liteke horretarako iparrorratza. Berehalako erabakiak behar ditugulako, Amonarrizen hitzetan: «Neurri zehatzak hartzen ez badira eta euskaldunok ez badiogu hizkuntzari eusten, joera horiek hizkuntza hegemonikoak indartuko dituzte, are gehiago. Egoera honetan euskararen alde jokatzea bada komunitatearen alde jokatzea, hau da, hezkuntza inklusiboaren alde egitea, gertuko komertzioa eta sortzaileak babestea… Euskaraz egin eta euskararen alde egotea, denon geroa eraikitzea baita».

Gehiago