Herriko Tabernen epaia exekutatzen ari dira, Koronabirusaren pandemiaren erdian

Sortuk jakinarazi duenez, Herriko taberna eta elkarteen sententzia exekutatzen hasi da azken egunetan Auzitegi Nazionala, hauen kontu korronteak enbargatzeko agindua emanez. Jada hasi dira tabena eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztien enbargoa gauzatuko dela uste du Sortuk.

2020-ko apirilak 22

Bost urte dira jada Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko Tabernen auzi gisa ezagutzen den 35/02 auziko sententzia eman zuela. Sorturen hitzetan, “epai politiko eskandalagarri” honek 1936ko gerraz geroztik “eman den expolio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion”. Ezker Abertzaleko alderdi politikoak epai hau salatu eta “ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat” dela salatu du.

“Bost urtez lozorroan egon da epaiaren exekuzioa baina hala ere bitartean herriz herri, auzolanean, asko izan dira euren ekarpen politiko eta kulturalari eutsi eta are gehiago, biziberritu duten taberna eta elkarteak, herri giro biziari ekarpena eginez. Zoriontzeko moduko ahalegina. Beraz, argi eta garbi diogu hau berri txarra dela Euskal Herriarentzat”.

Koronabirusaren epidemiaren erdian eman den exekuxioa izan dela ere salatu du Sortuk. “Gerra hotsak darabiltza Espainiako Gobernuak, Guardia Zibil eta militarrak osasun krisiaren aurkako propagandaren lehen lerroan jarrita, baina iraganekoa behar lukeen epai honek gogora dakarkigu Espainiako Erreinuaren autoritarismoa ez dela berria zoritxarrez”, esan du Sortuk. Ezker abertzaleak eta euskal gizarteak iraganeko ziklo politikoa  “aspaldi”  gainditu dutela eta Euskal Herrian ” bakea eta askatasunaren bidean aurrera egitea” ahalbidetuko dituen eskenatoki politiko berri baten aldeko konpromisoa hartu dutela adierazi du Sortuk. “Espainiako Erreinuak eta bere estatu aparatu frankistek ordea bakearen aldeko urrats oro oztopatzen tematuak jarraitzen dute. Oker dabiltza ordea halako jokaldiekin ezker abertzalea bere bidetik aterako dutela uste badute. Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats sendoak eman ditugu azken urteetan eta norabide horretan borrokan segiko dugu eta egoera konplexua izanda ere, eraso honek ez gaitu ixilik utziko”.

Gehiago