Herri Sanferminak aurtengo jaietako egitarauan 100 ekimen antolatu ditu
“Jaien hatsa, oihaneko dantza!” leloarekin ospatuko da aurtengo Sanferminetako egitarau Herri Sanferminak eraikiko dituen bi jai guneetan. Pasa den urtean bezala, Errekoletak plazan eta O plazan kokatuko dira, eta 100tik gora ekitaldi aurreikusten dira.
2018-ko ekainak 6
“Sanferminetan, eta baita urteko gainontzeko egunetan ere, diru eta botere gosez Iruñea hiri-merkantzia bilakatzen dutenen aurrean ozen diogu; Iruñea ez dago salgai! Ez kultura, ez lurra, ez hizkuntza, ez etxebizitza… ezta gure gorputzak ere. Eta hori argi geratzen ez zaionaren aurrean ezinbestekoa da autodefentsa, feminista kasu”, azaldu dute Herri Sanferminak iniziatibaren partaideek gaur Sanferminetako egitaraua iragartzeko egindako agerraldian.
“Herri Sanferminak Sanferminetako harreman ereduak elkartasunean eta interes komunetan oinarritzeko hatsa dira, eta ez interes indibidualista kapitalistetan. Urtez urte balore hauetan sakondu dezagun: jai herrikoiak, parte-hartzaileak, ekologistak, kulturalak, feministak, anitzak, antikapitalistak eta euskaldunak”.
Aurtengo egitaraua, iaz bezala, Errekoletak eta O Plazetan antolatu da. Bertan, adin guztientzako eskaintza zabala eta anitza izanen da: txikientzako tailerrak, munduko dantzak festibala, magia ikuskizunak, antzerkiak, azoka ekologikoak, herri kirolak, estilo aunitzetako kontzertuak talde lokal zein nazioartekoenak… Osotara, 100 ekimen baino gehiago 9 egunetan zehar.
6an festei hasiera emateko Herri Txupinazoa botako du Altsasuko herriak 14:30etan Errekoletak Plazan “momentu gogor hauetan” elkartasuna adierazteko.
OkoJoko Herri Olinpiadetan izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Horretarako, 6-10 lagunen talde parekidea osatu, bereizgarri bat pentsatu, eta okojokohsf@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Sukaldean, bertako eta ekologikoa
Apustu handia egin nahi dute aurten ere O Plazan eskaintza gastronomikoarekin: bertakoa, ekologikoa eta goxo-goxoa. Goizez, uztailak 6, 7, 8 eta 14ean hamaiketakoak egonen dira. Eguerdian, menuak eskainiko dira egunero eta bazkari autogestionatuak egiteko materiala izango da ere. Azkenik, gauez, pizza eskaintza zabala izango da.
Uztailaren 6ko hamaiketakorako, eguneko menuetarako eta autogestionatutako bazkarietarako lekua erreserbatzea gomendatzen dute, 657997855 telefonoa edo hsf.erreserbak@gmail.com helbide elektronikoan.
Auzolanean laguntzeko deia
“Auzolana da gure indarra eta, auzolanik gabe, ez da Herri Sanferminik”, ohartarazi dute. 440 txanda bete behar dira, eta horretarako laguntza eta konpromezua eskatu dute. Nahi duena hsftxandak@gmail.com helbidera mezu bat bidali behar du datu hauek ematen: zein txanda, zenbat pertsona, izen-abizenak eta tlf zenbakia. Betetzeko dauden txandak webgunean aurkitu daitezke.