Herri euskaldunak ez duela “euskararen espaloitik jaisteko asmorik” argi utzi zuten milaka euskaltzaleek

Euskaltzale andana bildu zen Euskal Herrian Euskaraz-ek pasa den larunbatean Gasteizen antolaturiko Euskaraz Bizi Egunean.

2014-ko apirilak 8

"Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi" lelopean euskaltzale eskerga bildu ziren Gasteizen Euskal Herrian Euskaraz taldea deituta. Goizean pailazo, trikitilari, dultzainek eta abarrek giroa alaitu ondoren, 400 lagunetik gorako bazkaria ospatu zen Landatxon. Bazkalostean Izaki Gardenak taldeko abeslari Jon Basagurenek kantaldia eskaini zuen. Arratsaldean, manifestazioa egin zen Gasteizko kaleetatik.

Bertan parte hartu zuten, beste euskaltzaleekin batera, euskalgintzako zein hainbat eragile sozial eta politikotako ordezkariek. Zanpantzar eta batukada taldeak ere ez zuten huts egin.

"Urquijo utzi bakean!", "Maroto entzun, Gasteiz euskaldun!", "Ez gara espaloitik jaitsiko!" eta "Euskal Herrian euskaraz!" bezalako leloak izan ziren nagusi. Manifestazioaren ostean ekitaldi bat egin zen. Bertan Itziar Rekalde ipuin kontalariak, Asier Díaz Gasteizko EHEko kideak, Hala Bedi Bi eta GUgeu taldeetako ordezkariek eta Nestor Esteban EHEko bozeramaileak hartu zuten hitza. Aldez edo moldez, euskararen espaloian tinko jarraitzeko aldarriak izan ziren nagusi.

Ekitaldia amaitu bezain pronto, Jare Dantza Taldekoek Akelarrea egin zuten alde zaharretik zehar. Ttek Elektrotxarangako lagunek aurrez bero zegoen giroa are gehiago berotu zuten. Amaiera emateko, Dantza Plaza, Gose eta Tximeleta taldeen kontzertuak izan ziren Landatxon.

 

Gehiago