Herri eragileek Iruñeko alkatearen kudeaketa “negargarria” kritikatu dute
Iruñeko Peñen Federazioa, Herri Sanferminak, Kultur Aniztasunaren Jai Batzordea eta Auzoak kolektiboek "udalaren zentsuraren aurkako" txistualdia antolatu dute. Igandean eginen dute, 10:30ean, Udaletxeko plazan.
2022-ko uztailak 5
Enrique Maia Iruñeko alkateak egunkarietako lerroburuak bete nahi izan ditu aurtengo sanferminetan. Hala uste dute Iruñeko Peñen Federazioa, Herri Sanferminak, Kultur Aniztasunaren Jai Batzordea eta Auzoak kolektiboek. Navarra Sumakoaren “burutazioen” zerrenda luzea irakurri dute: “Lehenik eta behin, jaiak 3 egun gehiago luzatzeko ideia izan zen, Navarra Arenako kontzertu handia, txupinazoa nork botako duen herri aukeraketa ezabatzea, jaien erdigunetik jai herrikoiak eta kultur aniztasuneko kolektiboak ateratzea, Gazteluko Plazan 10 barra jartzeko aukera ematen den bitartean, Basotxoan hatzez esleitu dituzte postu zenbait, indarkeria sexistaren aurkako protokoloa aldatzen saiatu dira eta peñek antolatutako zenbait jarduera debekatu dituzte”.
Maiak “jaiak pribatizatu” nahi dituela uste dute, eta jai herrikoiak aldarrikatu dituzte herri eragileek, “guztiontzat, erasorik gabeko jaiak bizitzeko eskubidea bermatzeko, hiria aberasten duen kultura-aniztasuna errespetatzeko, euskara babestu eta bultzatzeko eta, azken batean, Sanferminen izaera herrikoia gailentzeko”. Navarra Sumako udal gobernuak bi urte izan ditu hiriko jaiak antolatzeko; baina, salatu dutenez, “trabak baino ez ditu jarri”. Horiek salatzeko txistualdia eginen dute igandean, 10:30ean.