“Hauspotu, herriak bizituz” Udalbiltzaren programa aurkeztuko dute Agoitzen eta Izizkon

Udalbiltzak “Hauspotu, herriak bizituz” egitasmoaren aurkezpenak eginen ditu asteburu honetan Nafarroan. programa hau Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatzeko da. Datorren asteburuan Pirinioko eta Aurrepirinioko "Hauspotu" programaren saioak izanen dira Agoitzen (ostiralean, hilak 28, arratsaldeko 17:00etan, Aurelio Leon aretoan) eta larunbatean Izizkon, hilak 29, goizeko 10:00etan, Cederna-Garalur aretoan.

2020-ko otsailak 24

Urteen joanarekin, lurralde desoreka areagotzen joan den arazoa dugu Euskal Herrian. Hiriak eta metropoliak handitzen ari diren neurrian, Euskal Herriko landa eremuko argia itzaltzen ari da emeki-emeki, azken honen despopulazioa eraginez. Horren adierazle dira Nafarroako Gobernuak berriki argitaratu dituen datuak, non, besteak beste, agerian geratu den Pirinio eta Ameskoa ibarretan biztanleria gutxitzen ari dela. Neurririk hartu ezean, egoerak ez du atzera bueltarik izanen. Hori dela eta, Udalbiltzak Euskal Herri mailako arazo larri horri, Euskal Herri mailako erantzuna ematea proposatzen du, eta, bide horretan aurrera egiteko, Hauspotu, herriak bizituz proiektua sortu du, Koop 57 eta OlatuKoop taldeekin batera.

Dinamika honen aitzindaria, 2013-2015 urteen artean Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak garatu zuen Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa da. Esperientzia hartatik, oso emaitza baikorrak bildu ziren, eta horrenbestez, programa lurralde gehiagotara hedatzearen aldeko hautua egin du Udalbiltzak.

Horrela, baldintza sozioekonomiko latzenak bizi dituzten eskualdeetan Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) bultzatzeko erronkari lotuko da Partzuergoa, zerbitzuak eta biztanleak mantentzeko zailtasunak dituzten herriei bultzada emanez, eta lurralde desorekaren inguruko kontzientzia garatuz. Finean, eskualde horietako gizarte garapenari bultzada ematea izanen da Udalbiltzaren erronka.


Bi ardatz nagusi
Egitasmoak bi ardatz nagusi izanen ditu: babes teknikoa eta babes ekonomikoa. Biek ala biek ESE perspektiba duten proiektu eta egitasmo berriei eta dagoeneko abian direnei baina aurrera egiteko laguntza behar dutenei bideratuko dira. Besteak beste, zaintza, etxebizitza (lur eta eraikinen erabilerarako lagapen komunitarioetarako proiektuak), agroekologia eta proiektu komunitario eta kolektiboak sustatuko dira.

Babes teknikoa: Jardunaldi formatiboak eskainiko dira otsaila eta martxoa bitartean. Orotara, 6 formakuntza saio eskainiko dira: Agoitzen, Argantzunen, Balmasedan, Garesen, Galozen (Izizen) eta Izuran. Saio horietan, parte-hartzaileek ESEren munduan murgiltzeko lehen pausuak emateko aukera izanen dute, eta, aldi berean, dagoeneko abian diren hainbat proiektu gertutik ezagutzeko parada izanen dute. Aldez aurretik Udalbiltzak sukalde lana egin du, tokian tokiko errealitatea ezagutzeko eta saio bakoitza eskualdeko beharretara egokitzeko.

Jardunaldi formatiboak zazpigarren saio batekin amaituko dira. Azken honetan aurreko saioetan parte hartu dutenak gonbidatuko dira, izan ere, sinergiak sortzeko edo/eta kezkak partekatzeko aukera ona izan daitekeelako. Ondoren, bidelagunak esleituko dira, proiektuak eskualdeetan abian jartzen lagun dezaten.

Mintegietako gidaritza OlatuKoopek hartuko du. Ekonomian eta ekintzailetza ekonomikoan modu eraldatzailean jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen duten sarea da. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta euren jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpena bat egitea dira bere helburuak.

Babes ekonomikoan: Atal honetan Koop57ko kideak izanen dira bidelagunak. Bitartekaritza finantzarioaren bidez, ekonomia sozial eraldatzailea oinarri duten proiektuak maileguen bitartez finantzatzea da bere funtzioa; beti ere ESEn lanean ari diren entitateak badira.
Deialdian parte hartzen duten proiektuek finantziazioa lortzeko, maileguak emateko sortuko den batzorde berezi batetik pasa beharko dute. Batzordea Koop 57ren eta Udalbiltzaren Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak osatuko dute.
Hauexek lirateke batzordearen funtzioak:
Eskarien egokitasuna aztertuko ditu, ostean Koop57ren maileguak jasotzeko prozesua abiatzeko.
Koop 57ren batzorde sozialak eta teknikoak ere proiektua onartu beharko dute ondoren.
Diru kopurua: orotara, 250.000 euro arteko maileguak eskainiko dira deialdi osoan. 


Eskualdeak
Proiektua abian jartzeko, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak azterketa bat egin dio Udalbiltzari. Lanketarekin Partzuergoak gertutik ezagutu nahi izan du lurraldea osatzen duten eskualdeen errealitatea, hiru ardatz kontuan hartuta: zerbitzuen irisgarritasuna, despopulazioa eta langabezia tasa.

Gauzak horrela, bost eremu nabarmendu dira proiektua abiatzeko: Pirinio Kontinentala (Nafarroa Beherea eta Zuberoa), Pirinio Penintsularra (Auñamendi, Pirinio Aurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangotzaldea eta Irunberri), Nafarroa Erdigunea (Tafallaldea, Estellerria eta Izarbeibar), Araba (Mendialdea, Trebiñu eta Ibarrak) eta Enkarterriak.

Gehiago