Haur eskolak euskaraz aldarrikatu dituzte, epai guztien gainetik

Instituzioei elkarlana eskatu eta herritarren hizkuntz eskubideak berma ditzaten exijitu diete gaur Iruñeko Euskalgintzak eta hainbat sindikatu emandako prentsaurrekoan. Ekainaren 4an eginen den manifestazioan parte hartzeko deia ere zabaldu dute.

2016-ko maiatzak 9

“0-3 urteetan 7.300km egin nituen haur eskolara”. Horixe zioen larunbateko kontzentrazioan 4 bat urteko ttiki batek eskutan zeraman kartelak. Txantrea ez den auzo batean bizi den mutikoa eta 0-3an Iruñeko euskarazko 2 haur eskoletako batean matrikulatua egon dena.
Urte hauetan guztietan asko eta asko izan dira ahalegin hori egiteko adorea izan duten gurasoak, eta aurkitu izan duten bigarren oztopoa euskaraz eskaintzen den plaza kopuru murritza izan da: eskaintza osoaren %11, 3 urtetik aurrerako matrikulazioan %30etik gorakoa denean D ereduan dagoen eskaintza. Asko eta asko izan dira eta dira urruntasun arrazoiengatik edo plaza faltagatik euskaraz hezteari behartuta eta gogoz kontra uko egin behar izan diotenak.

Egoera horrek haien haurrak euskaldun eleaniztunak izateko erabakia hartu duten gurasoak 30 urtez bigarren mailako herritar bilakatu dituela salatu du Iruñeko Euskalgintzak. “Autobuseko lehen lerroan haiek ezin eseri, besteek bezalaxe autobusean igotzeko txartela ordaindu arren. Horixe gertatzen zen beltzekin EEBBetan 50eko hamarkadan. Injustizia mingarri honi UPNk Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala gobernatu dituen bitartean, bizkarra eman dio eta entzungor egin dio guraso, hezitzaile, euskalgintza, sindikatu, auzo eragile eta alderdi ezberdinek egindako eskaerei: atenditu zezala zegoen eskaera herritarra, hizkuntza-eskubideak urratzen ari zirela eta bi hizkuntza ofizialak ezagutzeak herritarren arteko berdintasuna sustatzen zuela”. Ezaguna UPNren erantzun sistematikoa: ez dago eskaerarik eta ez da eskubiderik urratzen. Baina urte hauetan guztietan ez du bitartekorik jarri eskaera zein zen ezagutzeko.

 Iruñeko Udalean aldaketa eman eta gero “UPNk eta PSNk eskutik helduta jo dute euskararen normalizazioaren eta hizkuntza-eskubideen bermerako urrats oro geldiarazteko”, salatu dute. “Ez daude prest autobuseko lehen lerroa beste inori uzteko. Eta gogor jarduten ari dira, orain lehen bezala. Instituzioetan gehiengorik ez dutenean, auzitegiak erabiliz”, pasa den astean  Administrazio Auziekiko Epaitegiak kaleturiko kautelazko neurria.

Iruñeko Euskalgintzak, ELAk, LABek eta STEILASek  baloratu dituzte Udalak berriki argitaraturiko “emaitzak argigarriak”: bi eskola gehiagotan euskarazko eredua eskainiz plaza kopurua %27ra igo bada ere, plaza guztiak bete eta itxaron zerrenda dago. Bestalde, aurrematrikulazioan egindako inkestak agerian utzi du gurasoen %37k matrikulatu nahi zituela bere haurrak euskaraz. Alegia, 2 haur eskola gehiagotan euskaraz eskainita ere, ez dela plaza nahikorik. Horregatik, urrats gehiago egon daitezen lan egiten jarraituko dutela adierazi dute.

Euskaraz matrikulatu dituzten umeen gurasoei euren “babes eta besarkadarik goxoena” helarazi diete, baita Iruñeko Udaleko EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-Eri. “justizia sozialean eta eskubideen bermean ematen duzuen urrats” oro babestuko dutela azpimarratu ere. “Auzi judizial injustu honen aurrean instituzioa eta herri mugimendua elkarlanean aritzeko gure prestutasuna adieraztea nahi dizuegu. Eta aldi berea, herritarren borondateari eta eskubideen bermeari erantzuteko guraso hauek egindako hautua gauzatzeko bideak jartzea eskatzen dizuegu”.

Ekainaren 4an 17:30ean Golemetatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diote nafar jendarteari.

Gehiago