Haur eskolak aldarrikatzeko jende kate bat deitu dute martxoaren 10rako

Arrotxapean kokatuko den euskarazko haur eskola lortu izana egindako lanaren fruitu izan dela uste dute, baina aldaketa txiki hau ez dela nahikoa eta Iruñeko auzo guztietan euskarazko eskeintza egitea exijitu diote Iruñeko Udaletxeari.

2015-ko otsailak 11

Iruñean haurrek euskaraz ikasteko dauden aukera urriak dira. Udalak euskarazko eskari zabala ez azaleratzeko, euskarazko plaza kopuru mugatua eskaintzen du eta auzo bakarrean zentralizatu du urte hauetan guztietan. Datorren ikasturtean Arrotxapean haur eskola euskaraz izanen da, eta aldaketa hau txikia izanagatik ere, begi onez ikusten dute Arrotxapeako bertako eta inguruko auzoetako gurasoek ikasturte honetan haurrak euskaraz matrikulatzeko aukera izanen baitute eta horien egunerokoa erraztuko delako. Halere, gogor salatu dute oraindik orain haurrak euskaraz matrikulatu nahi dituzten gurasoen eskaria plaza kopurua handitu gabe "ez dagoela inondik inora ere asea" eta aurten Txantrean bertako gurasoek haurrak euskaraz matrikulatzeko aukera bermatzea nahi dute.

"Gure helburua auzo guztietan haur eskolak euskaraz izatea da", gogoratu dute.

Iruñeko euskalgintza osatzen duten eragileek UPNren jarrera "lotsagarria, tamalgarria eta onartezina" dela esan dute. "Behin eta berriz herritarren kontra ari da, horretarako arduragabeki baliatuz instituzioetako eskumenak. Urtez urte guraso hauek Iruñean barna bidaia zoroak egitera behartu ditu euskaraz ikasteko nahia, eskubide osoz, gauzatu nahi izate hutsagatik", salatu dute.

Iazko matrikulazio kanpainan euskalgintzak ELA, LAB, EILAS eta Sasoiarekin batera egin zuen datu bilketak agerian utzi zuen euskarazko eskaintza oso eskasa zela eskariarekin konparatuz. "Bere auzoan haur eskolan euskaraz matrikulatzeko aukera izango balute aukera hori hartuko luketenak 466 izango lirateke. Aintzat hartuz euskaraz eskaintzen diren 1.399 plazetatik soilik 164 direla euskaraz, eskariak egungo eskaintza gutxienez hirukoizten du", esan dute.

Ardura politikoa duten alderdi guztiei arazo honi behingoz irtenbidea jartzea exijitu diete eta "instituzioen itxikeriari aurre" egiteko eta herritarren eskubideak bermatzeko bide juridikoa ere urratu behar izan dutela gogoratu dute, baina momentuz emaitza positiborik ez.

“Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barruan, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea”. Horixe dio Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzak. Hala ere, Iruñeko Udalak 466 eskaerei muzin egin zien, euskaraz eta auzoan nahi dutela argi adierazi arren. Errekurtsoa jarrita, Nafarroako Administrazio Auzitegiak horrela interpretatu du Ordenantza: “Udala ez dago behartua jartzera haur irakaskuntzan herritar bakoitzari komeni zaizkion ezaugarriak dituzten ikastetxeak, herritar guztien bizilekuaren arabera kokatuak”. "Zertarako balio du arauak, aplikatu behar dutenek aplikatu nahi ez badute?", galdetu dute bide judizialarekin jarraituko dutela iragarri ondoren.

Arrotxapean haur eskola euskaraz egotea ez da UPN-k bere borondatez hartutako erabakia izan, "herritarrok urte luzez egindako lanaren emaitza" dela uste dut. Aldaketa hau baina, ez da nahikoa. "Euskarazko plaza kopurua handitzea urgentziazkoa da eta auzo guztietan haur eskolak euskaraz egotea eskubidezkoa", diote.

Martxoaren 10ean, asteartea, 18:00etan jende-katea eginen da Arrotxapeako Raimundo Lanas kaletik abiatuko eta Udaletxe plazan amaituko dena.

Gehiago