Hatortxurock jaialdiko azken ekitaldian presoen etxeratze prozesua osorik gauzatzeko eskatuko da
Hainbat eragile babesarekin aurkeztu dute Hatortxurock jaialdiko antolatzaileek uztailaren 27an eginen den ekitaldia, eguerdiko 13.00etan Beriain gunean ospatuko dena.
2025-ko uztailak 17
Gaur zortzi abiatuko da Lakuntzan Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioa. Honi begira prestaketa lanetan murgilduta, gizarte eragile ugarirekin bildu da antolakuntza, egitasmoari atxikimendua bilatu asmoz. Honela, esparru ezberdinetako 22 eragilek egin dute bat Hatortxu Rocken agurrarekin.
Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ernai, Ikama, Xuti, Gazte Abertzaleak, Bilgune Feminista, AEK, LAB, EHNE, ELA, Steilas, Hiru, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH-k egin dute bat.
Guzti hauek jaialdiak aurkeztutako manifestua sinatu dute. Bertan, gogora ekartzen da zergatik jaio zen Hatortxu Rock: «Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsarako tresna gehigarri gisa» sortu zela nabarmentzen da, baita auzolana izan duela lanabes gauza handiak egiteko aukera emanaz.
Eta azken Hatortxu hau bide beretik joanen da. Nabarmen ikusi daiteke jaialdia posible eginen duten boluntarioen kopuruan: 7.049.
“Hator hator neska mutil etxera” lelopean sortu zen Hatortxu, eta nahiz eta onartzen duten leloan aipatzen den helburua lortzeko azken pausoa oraindik ez dela eman “Etxera” hori erabat gauzatu gabe dagoelako, bidea egiten ari da hori lortzeko. Konponbidea «luzeegi» doala azpimarratzen du manifestuak eta konponbide horretan «euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugula» gehitu. «Etxean diogunean hitz horren esanahi zabalean diogu: etxean, bai. Baina bizitza duina aurrera eramateko baldintza guztiak beteta: etxebizitza, lana, osasuna…»
Eta horregatik izanen da agur jaialdi hau «herri honek ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena». Uztailaren 24 tik 27ra luzatuko da eta, azken egun horretan, ekitaldi nazionala antolatuko du jaialdiak. 13:00ean, Beriain gunean, ‘Etxera!’ lelopean. Bertan parte-hartzeko deia egiten diogu alderdi politiko, sindikatu, eragile, herri mugimendu zein norbanako orori, «etxerako aldarria ozen entzun dadin Lakuntzatik Euskal Herri osora».

