Hatortxurock 17 abenduaren 27an ospatuko da izugarrizko kartel batekin

KOP, Talco, Narco, Hesian, Kashbad, Aspencat, Vendetta, Estricalla, Esne Beltza, Izerdi Gorria, Arkada Social izango dira Atarrabiako eszenatokian. Sarrerak laister salgai ohiko lekuetan eta Hatortxurock elkartasun jaialdiaren webgunean.

2014-ko urriak 20

Abenduko azken larunbatean Hatortxurock elkartasun jaialdiaren beste edizio bat ospatuko da, hamazazpigarrena. Iaz bezala,  hitzordua egun bakar batean eginen da, abenduaren 27an.

Ikuskizuna karpa erraldoi batean izanen da, bi eszenatokitan, Entrecementerios deritzon eremuan, Atarrabian. Sarrerek, iaz bezala, 15 € balio dute aldez aurretik erosten badira eta 20 € bertan hartzen badira. Osotara 11 talde arituko dira Hatortxurock 17. edizio honetan: KOP, Talco, Narco, Hesian, Kashbad, Aspencat, Vendetta, Estricalla, Esne Beltza, Izerdi Gorria eta Arkada Social.

 

17 urte musika eta elkartasuna uztartzen

Orain dela 17 urte hasi zen ospatzen Hatortxurock, euskal preso politiko eta iheslarien senideei babesa emateko. Zehazki, babes ekonomikoa emateko. Gaur egun, eta gogoratzen dutenez, ehundaka presok etxetik ehundaka, milaka kilometrora jarraitzen dute, beste horrenbeste errefuxiatuk lan baldintza prekarioetan haien etxetara itzultzeko aukerarik gabe jarraitzen dute. "Honek guztiak sarraski ekonomiko izugarria sotzen du eta honetarako Hatortxurock tiritatxo txiki baina beharrezko bat besterik ez da. Kartzela politika honek  presoen familiengan sortzen dituen milaka gastuek beharrezko egiten ditu gurea bezalako ekimen solidarioak. Jotzen duten taldeetaz aparte, hitzordua ezinbestekoa dela uste dugu. Errepresaliatuen familiekiko hitzordu solidarioa, izan ere, elurra edo izotza egin inoiz ez dute euren senideekiko hitzordu bat galdutzat jotzen, izan haien herriko enparantzan, izan lokutorio batean, izan urruneko kartzela batean edo izan Hatortxurocken".

Musika eta elkartasuna uztartzen dituen jaialdi honek, Euskal Herriak pairatu duen gatazkan politikoan musikak izan duen garrantzia azpimarratzen dute Hatortxuko antolatzaileek. "Gatazkak, preso eta erbesteratuak izateak, gure herriaren norabidea markatu du, musika beti aitzinean egonda. Milaka herritarrek pairatu dute kartzela, erbestea eta sakabanaketa etxetik milaka kilometrotara. Euskal musikak salaketa eta elkartasun doinuz jantzi ditu bazterrak, guzti-guztiak etxera ekartzeko eskean".

Desagertzeko desioarekin jaiotako ekimen eta jaialdia da HatortxuRock, baina helburua lortu bitarte indarrak berritzen dituena, ere bai. Aurtengoan ez da desberdina izanen, eta datorren abenduaren 27an Atarrabian elkartuko dira milaka lagunak berriz ere, bertan izaterik ez dutenak bertaratzeko asmoz.

Gehiago