Hatortxu Rock-ek aurtengo kartela aurkeztu du
Abenduaren 26an ospatuko da, Atarrabian, "izena duena, bada" lelopean.
2015-ko urriak 3
Soziedad Alkoholika, Riot Propaganda, Anestesia, Skatu, Zopilotes Txirriaos, Zoo, Skakeitan, Gatillazo, Non Servium, Oliba Gorriak eta Skatu. Hauek dira HatortxuRock 18ko kartela osatzen duten taldeak. Abenduaren 26an Atarrabiako Entrecementerios guneak hartuko du dispertsioaren kontrako mezua eta euskal preso politiko eta iheslariekiko elkartasuna aldarrikatzen duen jaialdia.
‘Izena duena, bada’ lelopean aurkeztu dute Atarrabiako Totem aretoan, non Betagarrik eta El Sonido de la Metrallak hartu duten parte, baita iragarrita ez zegoen Oliba Gorriak taldeko kideek ere. Hiruek egin dute bat HatortxuRocken elkartasun mezuarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, lelotzat hautatu duten euskal esaera zahar honekin presoek azken aldian pairatzen duten egoera salatu nahi izan dute: «Mitologiako pertsonaiak ditu gogoan, guk ikusi ez arren, izena dutenak eta, beraz, existitu egiten direnak. Gaur egun preso eta iheslariak ikusezin bihurtu nahi dituzte. Ezin ditugu haien argazkiak erabili eta haien eskubideen aldeko ekimenak debekatuak daude. Baina ezin diete izena ezabatu ezta ezkutatu, eta guretzako, noski, badira».
Urtero moduan, HatortxuRock «hiltzeko jaio zen jaialdia» dela azpimarratu dute, hau da, «dispertsioarekin amaitu eta beste ekitaldi bat ospatuko ez denaren esperantzaz» antolatzen dute urtero. Horregatik, gogoan dute «oraindik ere 400 euskal preso politiko baino gehiago» daudela espainiar eta frantziar Estatuko espetxeetan ehunka eta milaka kilometrotara. «Dispertsioak, preso eta iheslarien aldeko ekimenen debekatzeak bezala, presoen bakartzea ere badu helburu, baina herri honek behin eta berriz erakutsi du erasoen gainetik elkartasuna duela arma nagusi, izena duten horiei babesa adieraziz».
Riot Propagandaren itzulera; Oliba Gorriak taldearen agurra
Aurten ere 11 talde izango dira HatortxuRockeko eszenatoki gainean. Oso kartel potentea eta gustu anitzetarako prestatua. Riot Propagandaren itzulera da puntu indartsuenetako bat. Habeas Corpus eta Los Chikos del Maiz taldeetako kideek berriz elkartzea erabaki dute, baina oraingoz hiru kontzertu jotzeko soilik, eta hau izanen da Euskal Herrian ikusteko aukera bakarra. Beste aldean, Oliba Gorriak. Bizkaitarrek agur esango diote bere ibilbideari abenduan eta HatortxuRock aukeratu dute data.
Non Servium ‘Resurgir’ diska berriarekin dator, eta Euskal Herrian ikusteko aukera bakarrenetakoa izanen da. Ez dira faltako ibilbide luze bezain aberatsa duten Soziedad Alkoholika, Gatillazo edo Anestesia bezalako taldeak. Ezta gazte odola emango dioten ETS (En Tol Sarmiento), Skatu edo Skakeitan, zein azken aldian jendea dantzan jartzen dabilen ez soilik Euskal Herrian, baita Japonian ere. Han eta hemen dabiltzan beste batzuk Zoo dira. País Valenciáko taldea lehen aldiz izango da HatortxuRocken. Azkenik, kartela osatzeko, etxean ibiliko diren Zopilotes Txirriaos taldea, faltako ez den giroari ironia eta naparmex ukitua emango diotenak.
Iturria: NAIZ