“Hatortxu Rock 21- Zuek gabe, etenik ez” lelopean, Atarrabian abenduaren 16an

Gatillazo, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos, Rude Pride, Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Willis Drummond, Huntza, Woman Powah, Xavi Sarrià, Anita Parker eta Desakato taldeak izanen dira Atarrabian abenduaren 16an eginen den festibalean.

2017-ko urriak 9

Ez dira hiru hilabete igaro Hatortxu Rock 20 erraldoia egin zenetik eta 21. edizioaren kartela kaleratu dute antolatzaileek, 316 euskal preso politiko daudela gogoratuz “eta horregatik ez dugu atseden hartzeko betarik, ez behintzat denak etxean izan arte”.

Abenduaren 16an, Atarrabian, ohiko lekuan, eginen da HTX21. Oholtzara igoko diren taldeak Gatillazo, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos, Rude Pride, Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Willis Drummond, Huntza, Woman Powah, Xavi Sarrià, Anita Parker eta Desakato izanen dira.

Sarrerak salgai daude dagoeneko www.hatortxurock.eus webgunearen bitartez.

HTX20tik HTX21ra

Uztailaren 27tik 30era Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatu zuen HTX-ek, baina oraindik bidea egiteke dagoela gogoratu dute. “315 euskal preso politiko daude etxetik ehunka kilometrotara urrunduta, honek senide eta lagunentzako suposatzen duen gastu ekonomiko eta bizi arriskuarekin (errepideak zortzi istripu eragin ditu aurten bisitetatik joan eta etorrian). Horregatik ezinbestekoa da gure helburuekin aurrera jarraitzea: elkartasun ekonomikoa eta presoek zein senide eta lagunek pairatzen duten egoeraren salaketa denak etxean izan arte. Zuek gabe, etenik ez.”

“Elkartasun eta auzolan olatu erraldoia” izan zen hogeigarren edizioa. 6.000 pertsona baino gehiago aritu ziren lanean Lakuntzan, eta 21. edizioari begira “bide horretan lanean jarraitzera” animatu dituzte.

Gehiago