Harituren Etxebizitza Sindikatuak, hiru adingabe ardurapean dituen familia bat kale egoeran geratu dela salatu du

Atzo, Harituren Etxebizitza Sindikatuak Bazterkeria Handiko Erakundearen parean kontzentrazioa egin zuen; Iruñeko Udaleko Bazterkeria Handiko zerbitzuen eta Udaltzaingoaren partetik, hiru adingabe ardurapean dituen eta kale egoeran dagoen familia batekin izandako jarrera salatzeko.

2026-ko otsailak 12

Hiru adingabe ardurapean dituen familia hau duela hilabete bota zuten etxetik. Sindikatuak azaldu du, hasieran, Udalak hiru egunez hotel batean egoteko aukera eskaini zuela; eta hasierako epea amaitu ondoren, 3 eguneko luzapenak egin zirela bi astez eta azkena familiak ordaindu behar izan zuela. Sindikatuak gainera salatu du, haurren, familien eta emakumeen arloko arduradunak familiaren egoera zein den jakinda ere, bere gain hartzen duituela hiru adingabe ardurapean dituen familia bat etxegabetasun egoeran geratzea eta uko egiten diola beste edozein baliabide eskaintzeari.

Otsailaren 10ean sindikatuko kideak hotelera hurbildu ziren berehalako huste mehatxuagatik. Sindikatuko kideek azaldu dute, bi ordu baino gutxiagoko tartean, hurrengo egunean, otsailaren 11n, beste gau bat izango zutela esan zitzaiela, indarkeriaz kanporatzeko mehatxuarekin, baina, azkenean, gau hori ere ukatu eta familiak hoteletik alde egin behar izan zuela asteartean bertan. Eta, horren ondoren, Udaltzaingoaren Babes eta Gizarte Arretako Unitateko (UPAS) kideek familiari eta sindikatuko kideei jakinarazi zietela adin nagusikoek aterpetxe batean plaza izango zutela adingabeentzako alternatiba bat lortuz gero. Baina, hala ere, berriro, gaua aterpetxean pasatzeko aukera ukatu eta familiak inolako alternatibarik jaso ez zuela esan dute.


Atzo, otsailak 11, goizeko lehen orduan, Zapateria kaleko Bazterkeria Handiko Egoitzara joan ziren sindikatuko hainbat kide, gatazkan dagoen familiari laguntza eskeini eta iraupen luzeko etxebizitza alternatiba duina eskatzeko. Salatu dute uko egin ziotela laguntzaile lanak egiten zituen sindikatuko edozein pertsona sartzeari, administrazio zigorraren mehatxupean. “Familiak aldez aurretik alternatibak baztertu zituela alegatuz, jakinarazi ziguten ezingo zela inolako administrazio-izapiderik egin alternatibak eskatzeko, ez zela baliabide gehiago erabiliko familia horri arreta emateko berrestuz. “Familia-nukleotik kanpoko pertsonak” familiari laguntzea ukatzen ari zen bitartean, beste pertsona batzuei laguntzeko aukera eman dute, inolako justifikaziorik gabe; beste behin ere, irizpide arbitrarioen bidez banatu dute langile klasea. Azkenik, iragarritakoa berretsi da: familia kalean geratu da, hiru adingabe ditu ardurapean eta Iruñeko Udaleko Bazterkeria Handiko Zerbitzuek ez dute inolako alternatibarik eskaini” gehitu dute.


Bukatzeko sindikatuak baieztatu du familia kalean geratu dela, hiru adingaberekin eta Iruñeko Udaleko Bazterkeria Handiko Zerbitzuek ez dutela inolako alternatibarik eskaini. Azaldu dutenez, udal-eraikinaren inguruan familiarekin gerturatutako momentuan, beste bi familia hurbildu zitzaizkien jakinarazteko etxetik bota zituztela eta ukatu egin zaizkiela edonolako bizitoki baliabideak. Gauzak horrela, Harituren Etxebizitza Sindikatutik etxebizitza eskubidearen alde antolatzeko deia luzatu dute bai eta etxegabetze guztiak bertan behera gelditzea exijitu dute ere: “Etxetik bota dituzten pertsona guztientzat, eta kalean daudenentzat, etxebizitza alternatiba duinak eskatzen ditugu. Aldi berean etxebizitzaren negozioa eta honen merkantilizazioa salatu eta geldiaraztea exijitzen dugu” diote.

Gehiago