Haritu Sarea, bi urte elkartasuna eta laguntza uztartzen
Iruñeko Haritu elkarlaguntza sareak berdintasun ezaren kontrako borrokan bi urte daramala ospatuko dute igande honetan kalejira batekin. Bi urteko ibilbide honetan, indarrak batu dituzte elikagaien bilketak egiteko, etxebizitzaren eta energia hornitze arazoak salatzeko edota lan baldintzen egoera kaxkarrak agerian uzteko.
2023-ko urtarrilak 26
Urtarrilaren 29an, igandean, 13.00etan Haritu elkarlaguntza sareak bere bigarren urteurrena ospatuko du oinarrizko beharretarako zein etxebizitzarako sarbide unibertsala aldarrikatuko duen kalejira batekin. Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko plazan izango du hasiera eta Zabaldi Elkartasun Etxean amaituko da mokadu jate batekin.
“Haritutik langileri klasearen eta, bereziki, egoera irregularrean dauden arrazializatutako biztanleen bizi-baldintzen pobretzea” salatu nahi dute, eta egoera honen adierazgarriak diren alokairuen igoera neurrigabeak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, jabeen gehiegikeriak, etxegabetzeak, putre-funtsen espekulazioa, erregaiaren igoera, langabezia… “Pobrezia orokortu da eta bizitzak egunero pixka bat gehiago balio du. Bitartean, enpresariek, jabeek (txiki zein ertainek) eta bankuek gure bizitzaren kontura beren irabaziei eta jabetzei eusten diete. Egoera honen aurrean erakunde publikoek kontsumoa sustatzeko politikak besterik ez dituzte egiten, arazoaren jatorria ekidin gabe; hau da, bizitzaren merkantilizazioa. Horri guztiari gainbehera ekologikoa, testuinguru globala, mugetako heriotzak eta krisi energetikoa gehitu behar dizkiogu”.
Egoera honen aurrean, Harituk lanean jarraituko duela baieztatu dute “oinarrizko beharren eta bizitzaren problematikari modu kolektiboan aurre egiten”, Elkartasun Biltegia eta Etxebizitza Sindikatuaren bidez. “Bi urte horietan guretzat arazo horien jatorrizko kausak zein diren adierazi ditugu: etxebizitzaren merkantilizazioa, baliabideak eskuratzeko berdintasun eza, klase-esplotazioa, arrazakeria instituzionala, eta emakumeen aurkako indarkeria. Bi urte borrokan mundu honen oinarriak errotik alda daitezen. Bi urte eta hemen jarraitzen dugu, garrantzitsuena ez delako pastela banatzea bakarrik, baizik eta, batez ere, errezeta aldatzea”.