Hamarka gazte identifikatu eta isundu dituzte GKSk antolaturiko manifestazioaren propaganda egiteagatik

Pasa den larunbateko manifestazioa iragartzeko egindako propaganda lana oztopatzeko indar polizialen aldetik jasandako jazarpena salatu du GKSk.

2023-ko otsailak 3

Pasa den larunbatean “enpresarien eta agintarien ofentsiba” salatzeko egindako mobilizazioaren harira egindako propaganda lana dela eta “hamarnaka militante identifikatu eta isunduak” izan direla salatu du GKSk Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean. Iruñerrian gutxienez 50 identifikatu inguru izan direla, besteak beste, kartelak eta pankartak jartzeagatik eta esku orriak banatzeagatik aipatu dute. “Honetaz gain, aipatzekoa da manifestazioaren egunean, autobus ezberdinetan etortzen zirenak ere gelditu eta identifikatu zituztela. Lan politikoarengatik milaka eta milaka euroko isunak jasoko ditugu eta hortaz, gertakizun hauek askatasun politikoen urraketen adibide argiak direla salatu nahi dugu”, esan dute.

Politikariek “daukaten erantzukizuna” azpimarratu nahi izan dute. “Haien fartsatik kanpo antolatu eta mobilizatzen den orori politikoki blokeatzeko helburua baitute, enpresari handien eta bankarien interesak babesten dituzten bitartean”, esan dute.

GKSk “oinarrizko eskubideak jokoan” daudela azpimarratu eta “biltzeko, antolatzeko, adierazpenerako eta mobilizatzeko eskubideak” aldarrikatu ditu askatasunez militantzia politikoa garatu ahal izateko.

Jazarpen hau salatzeko kanpaina bat abiatu dute eta isunak ordaindu ahal izateko jaialdiak eta bono laguntzak eginen dituzte eta kontu korronte bat zabaldu dute: ES08 3035 0357 1035 7001 3197.

Gehiago