Hamaika eragile eta mugimendu sozialek bat egin dute M17ko greba orokorrarekin
1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin bat egin dute eta bestelako aldarrikapen sozialei tokia eman diete.
2026-ko otsailak 18
Euskal Herriko mugimendu sozial, kolektibo eta eragilek gaur jakinarazi dute bat egingo dutela datorren martxoaren 17ko greba orokorrarekin. Helburua argia da: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea.
Eragile hauek bat egiten dute sindikatu deitzaileek egiten dute irakurketarekin. “Gaur egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak ez du bermatzen bizitza duinik. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak dira, prekaritatea handitzen ari den heinean, bereziki emakumeen, gazteen, migratuen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta sektore feminizatuetako langileen artean”.
Horregatik greba deialdiarekin bat egingo dute eta eratuko diren greba komiteetan parte hartzeko deia egin dute. Eragileek irakurri duten manifestuan salatu dute egungo krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoaren testuinguruan pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari direla, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari dela. “Egoera horren aurrean, bertan bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek oinarrizko beharrak asetzeko adinako diru-sarrerak bermatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, herri honen gizarte-justizia eta burujabetza indartzeko bidean”, adierazi dute.
Eragile sozial hauk bestelako aldarrikapenak kaleratuko dituzte greba orokorra osatzeko. Hala nola, genero arrakala ezabatzea, jatorriarekin edo arrazarekin zerikusia duen diskriminazio ororekin amaitzea, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizitza hobetzea, zerbitzu publikoen defentsa, jende guztiarentzako etxebizitza duina bermatzea, pentsio eta prestazio sozialen hobekuntza, euskararen eta erabakitzeko eskubidearen defentsa edota lan prekaritatearen aurka borrokatzea.
Era berean, azpimarratu dute egungo zaintza sistemak duen egitura klasista, arrazista eta patriarkala. “Zaintza eta etxeko lanetan diharduten langile askok —gehienetan emakumeak eta pertsona migratu edo arrazializatuak— prekaritate baldintzetan jarduten dute, maiz dagozkien soldatak jaso gabe eta gehiegizko lan-orduak eginez. Horren aurrean, lan harreman justuak sustatzeko eta zaintza lanari aitortza, balioa eta baldintza duinak emateko beharra” aldarrikatzen dute.
Martxoaren 17ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei: “Egoerari erantzuteko garaia da. Antolakuntza eta mobilizazioa dira bide bakarra lan eta bizi baldintza duinak lortzeko”.
Gehiago
Emakumeak, gazteak eta langile migranteak dira soldata prekarioen biktima nagusiak, eta enpresek, horiei esker, 461 milioi €ko mozkina irabazten dute
Parlamentuan aurkeztutako lege proposamenak hurbiltzen du Nafarroak bere gutxieneko soldata propioa izatearen aukera
