Hainbat espetxetan konfinamendu neurriak berriz ezarri dituzte eta presoak gero eta isolatuagoak daude

Espainiar Estatuko Jaengo, Curtisko (A Coruña), A Lamako (Pontevedra) eta Brievako (Avila) espetxetan aurkitzen diren euskal presoen senideek adierazi dute aurrez aurreko bisitak murriztu dituztela. Etxerat elkarteak egoera hau salatu du.

2020-ko abuztuak 12

Euskal preso politikoen senideek beraien kezka adierazi dute Etxerat elkarteari Covid-19aren berragerpenaren aurrean espetxetan bizitzen ari diren egoerak eta, arazo honen aurrean, hartzen ari diren neurriengan.

Itxialdi orokorrean gisa, Espainiar estatuko espetxetan hartutako neurriak ikuspegi murriztailearekin aplikatuak izaten ari direla salatu du Etxeratek. Aurretiko bisiten debekatzea edo hauek izan ondorengo berrogeialdi behartuak senideekiko harremana oztopatzen edo galarazten dutela adierazi du Etxeratek. “Espetxean ezarritako itxialdiak kalteak esponentzialki biderkatzen ditu”, dio Etxeratek. “Komunikazio ororen debekatzeak, bisitak edota deiak indargabetzeak, preso diren pertsonengan isolamendu eta bazterketa areagotzea” eragiten duela dio preso eta iheslarien senideen elkarteak.

Ezarritako agindu murriztaileekin, pandemia aurretik presoen senideek zuten komunikazio bideak ez dira erregulatu. Jaengo, Curtisko (A Coruña), A Lamako (Pontevedra) eta Brievako (Avila) espetxetan, hain zuzen ere, atzera egin da harremanen esparruan. Aurrekari hauek ikusita, euskal presoen senideen artean beldurra zabaltzen ari dela dio Etxeratek, bereziki udazkenari begira gerta daitekeen espetxetako itxialdi orokortuarekin. “Desinformazioa, segurtasun eta ziurtasun eza, komunikazio mugatuak, hilabete ugariz bisitarik ez edukitzearen izua, distantziak eta urrunketak eragiten duen estutasuna… lehendik zuten zigor erantsiaren zamari sufrimendu gehiago ezartzen diote”.

Pandemiaren aurrean gizarteari erantzukizunez jokatzeko eskatzen den garaiotan, Etxeratek salatu du espetxetako aginpideek “beraien erantzukizunari muzin egin eta presoen zein beraien senitartekoen eskubideen aurka” aritu direla. “Eskubideen, osasunaren eta bizitzaren errespetuz, espetxe administrazioek garaia dute ardurari heldu eta ez berandutzea”, dio Elkarteak.

Azken garaietan egiten ari den bezala, Etxeratek presoak euren jaioterritik hurbilen diren espetxetara lekualdatzea eskatu du, eta larri gaixo diren zein 65 urte baino gehiago dituzten presoen berehala aske uztea eskatu du. Bestetik, eta Espainiako legeen arabera, 80 euskal preso baldintzapeko askatasunean egongo beharko lirateke gogoratu du Etxeratek, eta egoera hauetan dauden presoen askatasuna lehenbailehen hartu beharreko erabakia dela dio elkarteak.

Gehiago