“Gureak ere badira. Desira, boterea, epika” eta “Barbaroak eta zibilizatuak” Iparrorratza bildumaren liburu berriak eskuragarri

Lur Albizuk, Eraitz Saez de Egilazek, Ibai Atutxak, Txalaparta eta Iratzar Fundazioko kideek Iparrorratza bildumaren bi liburu berriak aurkeztu dituzte, eta egun hauetan Iruñean ospatzen ari den Editargi azokan aurkitu daitezke.

2022-ko urriak 27

Iparrorratza bildumak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen du. Iratzar Fundazioak Txalapartarekin elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratzen dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.
Belaunaldi aldaketa bat gertatu dela, egungo gazteek ez dakitela konpromisoa zer den, ez dagoela etorkizun desiragarri posiblerik, abertzaletasuna eta komunitatea ahuldu egin direla… horiek eta gisakoak maiz entzun ditugu azken urteetan. Ideia maiztu bezain eroso horiek nondik datozen azaldu eta horiek problematizatzen dituzte egileek, afektuetan eta kolektiboan arreta jarriz eta eraldaketa sozialerako desira, boterea eta epika ardatz hartuta. Beren esperientzia, gorputz eta ikuspegitik aztertzen dituzte orain arte eraiki den istorio komuna, eta hori berridazteko gakoak ematen dituzte Lur Albizuk eta Eraitz Saez de Egilazek “Gureak ere badira. Desira, boterea, epika” liburuan.

Bere aldetik, Ibai Atutxa Ordeñana “Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista” liburua idatzi du.
Kritika eta praktika marxisten, transfeministen eta dekolonialen pentsamoldeak bere eginez, eskuliburu honek mendez mende gure herrian eraikitako iruditeria basa aztertzen du. Horretarako, Euskal Herriko pentsalariak eta iturriak oinarri hartuta, lau barbarizazio prozesu aletzen ditu, barbarizazioa izanik, egilearen hitzetan, “euskaldun desobediente emantzipatzailearen aurkako indarkeria materiala”. Horrenbestez, erreminta kutxa bat izan nahi du euskararen, euskaldunaren eta Euskal Herriaren zapalkuntzak barbarizazio prozesuen gurutzaketatik ulertzeko. Iruditeria horretatik ihes egiteko praktikak ere proposatzen ditu, eta erakusten nola izan den euskara zapalkuntzarako eta erresistentziarako eremu behinena.

Gehiago