“Gure hautua bizitzak” lelopean mobilizazio ugari egin ditu asteburu honetan Ernai-k Nafarroan
Batez ere Iruñerrian, koronabirusak sortu duen krisi egoeraren aurrean eta pandemiari aurre egiteko hartutako hainbat neurriekin kritiko agertzeko, Ernaik hainbat elkarretaratze egin ditu asteburu honetan. Ezker Abertzalearen gazte antolakundearen hitzetan, arduraz jokatzeko garaia da, baina ez gazteriaren kriminalizatuz, eta krisiari aurre egiteko neurriak hartzeko deia egin du Ernaik.
2020-ko azaroak 22
Azken asteetan koronabirusaren kutsatze tasak gora egin du eta neurriak gogortuko zirenaren ideia gero eta zabalduago egon da. Berriro ere azpimarratu nahi dugu arduratsuak izan eta elkar zaintzearen garrantzia. Denon osasun eta bizitzari buruz ari gara eta ardura kolektiboa daukagu.
Krisi sanitarioa egon arren, sistema kapitalista heteropatriarkala, eta beraz, gure bizitzak antolatzeko dugun eredua da krisian jarri dena, ez baitigu osasuna zaindu eta bizitzak sostengatzea ahalbidetzen.
Hartu diren neurri gehienek ardura indibidualean jarri dute arreta, herritarrok gaixotzeagatik estigmatizatuak eta markatuak izan gara, pairatzen ditugun ondorio ekonomiko eta sozialen erantzule bihurtu gaituzte: zaintza sistemaren kolapsoaren erantzule egin gaituzte, gure arduragabetasunaren aitzakipean ezarri dituzte tabernak ixteko agindua, etxeratze agindua, mugikortasunaren mugapena, taldetan biletzeko mugapena…
Kriminalizazio honen jomugan gaude eta egon gara gazteok. Aisialdi eta sozializaziorako dauzkagun espazioak itxi eta eskaintzak kendu dizkigute, ez gaituzte kontuan hartu ezertarako, eta gainera koronabirusa zabaltzearen ardura gurea dela behin eta berriz entzun behar dugu, irudi desitxuratu bat sortuz. Berriro ere, arduratsu jokatzeko deia gure egiten dugu, baina ez dugu onartzen gazteriaren kriminalizazioa eztabaida desbideratzeko erabiltzea.
Azkenik, norbanakooi begirako neurriak hartzearekin batera ez dira inolako neurri ekonomikorik hartu. Konfinamenduak gogortzearen aurrean ez dira babes sozialerako neurriak indartu, ez da alokairuen etete bat bultzatu, oinarrizko diru sarrerak bermatzeko sistemak, ERTEak… nahikoa izan gabe jarraitzen dute.
Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruzko eztabaida, eta irekitzen ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko neurrien eztabaida korapilatuta agertzen zaizkigu. Koronabirusa gelditzeko hartzen diren neurrien eztabaidarekin batera, bertan ditugu aurrekontuen eztabaida, Europako funtsekin zer egingo dugun… Eztabaida antzuetan korapilatu nahi gaituzten testuinguru batean aurkitzen gara, eta eskuin muturrak haserre soziala eta askatasunaren bandera kapitalizatzeko arriskua mahai gainean daukagu; horregatik osasuna VS ekonomia dikotomia faltsua gainditu eta ikuspegi integral batetik bizitzaz mintzatu behar gara: bizitzaren sostengarritasunaz pandemia garaian.
Osasun fisiko eta mentalaz, bizitza sostengatzeko behar materialetaz eta oinarrizko eskubideetaz (elikadura, etxebizitza, energia, baliabide ekonomikoak), komunitateaz hitz egin behar dugu, hauek sostengatzeari buruz. Hau ezin daiteke egin sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikuspegitik, nahitaez eraldaketa sozialaren norabidean izan behar du, Euskal Herri independiente, sozialista eta feminista ipar. Estatuek dituzten baliabideak herritarren mesedetan jarri behar dituzte eta ez kapitalaren mesedetan.
Herri eragileen aitortza eta protagonismoa ezinbestekoa da. Gazte independentista, sozialista eta feministok arrakala hau irekitzeko bultza egin behar dugu. Otzan eta geldirik nahi gaituzte, baina orain inoiz baino gehiago gure jardun politikoan sakontzeko tenorean gaude.
Gazteak, beraz, ez gara geldirik etxean geratuko. Gure jardun militantearekin jarraituko dugu, inoiz baino garrantzitsuagoa delako eragiten jarraitzea. Sormena izango da gure lanabesa eta egoeraren baitan gure Herriaren eta komunitatearen beharretara moldatuko dugu gure militantzia.