Greba Iruñeko IKEAn deskantsurako eta kontziliaziorako eskubidearen alde
ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio bere eskumenak defenda ditzala eta merkataritzaren lege aldaketa bultzatu dezala, igande eta jaiegunetan merkataritza irekierak eragozteko.
2024-ko abenduak 23
ELA sindikatuak greba eguna deitu zuen atzo La Moreako IKEAren zentroan, langileek igande eta jaiegunetan atseden hartzeko duten eskubidearen alde. Protestak lana eta familia hobeto uztartzea aldarrikatzeko izan zen. Egun osoa iraungo zuen grebaz gain, langileek elkarretaratzea egin zuten enpresaren instalazioen aurrean. Orain arte, IKEAk ez du gai honi buruzko elkarrizketarik egin nahi izan dio ELAk ohar bidez.
“Enpresaren jarreraz gain, ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak, urtez urte, legezko estaldura ematen diola eta igandeetan eta jaiegunetan merkataritza irekitzeko baimena ematen diola CENek alde bakarrez erabakitzen duenari. Maria Chivitek gobernuan 6 urte eman ondoren, Nafarroako Gobernuak ez du publiko egin zer iritzi duen igande eta jaiegunetan irekitzeari buruz, ELAk Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren bilera bakoitzean horren inguruko interpelazio zuzena egin dion arren”, salatu du sindikatuak.
ELAk eskatu du Nafarroako Gobernuak “paper aktiboa har dezala” Estatuko oinarrizko legea aldatzeko. “Lege hori Mariano Rajoyren garaikoa da, eta igandeetan eta jaiegunetan gutxienez 10 aldiz irekitzea eskatzen du. Horrez gain, foru erkidegoak merkataritza eredua hemen erabakitzeko dituen eskumenak defendatzeko eskatu du. Ez defendatzeak, da merkataritza gune handiei bakarrik mesede egiten dien sistema baten alde egitea da, tokiko eta hurbileko merkataritzaren kaltetan, eta, jakina, merkataritzan lan egiten dutenen lan eskubideen kaltetan, gehienak baldintza eskasetan dauden emakumeak izanik. Gogoratu behar da, kasu askotan, astean 6 eguneko lanaldiak direla, astean atseden egun bakarrarekin, eta abenduaren 22ko igandean ez dela hala izan”, dio ELAk.
ELAk herritarrei jaiegunetan ez erosteko dei egin die sektoreko langileen aldarrikapenarekin bat eginez.