Greba Feminista Orokorra jarraipen zabala izaten ari dela dio Mugimendu Feministak

Euskal Herriko lehenengo Greba Feminista Orokorrak jarraipen zabala jaso duela adierazi du Mugimendu Feministak. Goizaldeko piketeetako deialdiak ere jendetsuak eta anitzak izaten ari direla baieztatu dute.

2023-ko azaroak 30

Greba eguna goizetik hasi da Euskal Herriko hamaika txokotan. Gauerditik kazeroladak izan dira, goizaldean dultzaineroak, ondotik piketeak… “Greba feminista orokor honetan, lantokiak hustu eta kaleak hartzeko helburua dugu”, adierazi dute, eta horretarako hainbat ekimen abiatu dira. Adibidez, Nafarroan errepide mozketak edo garraioa geldiarazi dute.

Aldi berean, lanuzteetatik harago doan deialdia dela azpimarratu nahi dute. “Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitza sostengatzeko, baina ez dute dagokien aitortzarik, ez politikoki, ez ekonomikoki ezta sozialki ere. Grebak izango duen eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu gaur, bizitza sostengatzeko lanetan ari diren guzti horietan arreta jarriz. Hemen paradoxa batekin aurkitzen gara, zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako, greba egin ezin duten emakume horiek ez direla greba egin dutenen datuetan kontabilizatuko”.

Horregatik guztiagatik, eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta ekimen egingo dituzte herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekimenak egingo dira, zaintza langileen aldarrikapenak lehen lerrora ekarriz. Iruñan 12:30ean, Diputazioaren aurrean elkartuko dira.  “Egun osoko mobilizazioetara batzeko deia zabaltzen dugu, zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu, zaintza langileen egoera kolapsatuekiko ardura exijitu, sistema publikoaren alde egin eta zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko”.

Gehiago