“Greba egun historikoa izan da, orain erantzukizunak”, eskatu du Mugimendu Feministak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak euskal herritarrak zoriondu ditu atzo Greba Feminista Orokorrari emandako erantzunagatik. Euskal gobernuei aldarrikapenei kasu egitea eta mahi bat osatzea zaintza sistema publiko eta komunitario baten inguruan hitz egiteko eskatu diete.

2023-ko abenduak 1

Mugimendu Feministak “proposamen integralak egiteko eta antolatzeko” duen gaitasuna berriz erakutsi dela nabarmendu dute grebaren deitzaileek, eta bide honetan aliatu diren eragile guztiei eskerrak eman dizkie. “Egun historikoa” izan zela atzokoa aipatu dute Nafarroako Diputazioaren aurrean egindako agerraldian, eta Nafar Gobernuari egindako eskariak aintzat hartzeko eskaria egin diote.

Egunaren garrantziaz haratago, egindako prozesuan jarri nahi izan dute fokoa. “Greba eguna garrantzitsua zen, baina are garrantzitsuagoa da prozesua. Askotariko lanek elkartu gaituzte: asanbladak sortu, zeudenak mantendu, aliantza berriak josi, batez ere etxeko eta zaintza langileekin, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarria sozializatu, orain arte gai honekin iritsi gabeko sektoreetara iritsi, Mugimendu Feministatik egindako proposamenak gizonekin partekatu eta elkarlanerako espazioak sortu, erantzukizuna exijitu, hurrengo pausoak erabaki…”

Greba Feminista Orokorraren kontzeptua berria zela jakitun, eta ez zela erraza izango hori antolatzea, pozik agertu dira lortutako emaitzekin. “Borroka molde berriak eta greban parte hartzeko modu berriak asmatu ditugu. Grebaren betiko iruditegia irauli dugu”, baieztatu dute. Azpimarratu nahi izan dute zaintza langile askok ezingo zutela egun osoko lan-uzterik egin, greba egiteko eskubidea urratzen zaielako. “Kontraesan horren aurrean, greba egiteko modu ezberdinak bilatzeko bideak asmatu ditugu. Zaintza eta etxeko langileen elkarteetatik forma berriak proposatu dira. Egoteko forma politizatuz, beraz, hein batean lortu dugu prozesu aberasgarriago bat izatea, nahiz eta aurrera begira ere, bide luzea dugun egiteko”, adierazi dute.

Hala eta guztiz ere, greba egunetan ohikoak diren mobilizazio moldeak ez ziren baztertu. Adibidez, azpimarratu dute Euskal Herriko lan zentro gehien gehienetara iritsi dela deialdia, eta 1500 greba komitetik gora atxikitu zirela grebara, piketeak egin ziren eremu eta sektore askotan, industriagune asko kolapsatuta egon ziren eta jarraipena zabala izan zen atzoko egunean zehar.

Zaintza eremua, zerbitzu maximoetan

Zaintzaren eremuak gizartean zer garrantzia duen argi ikusteko, atzo hainbat alorretan ezarritako zerbitzu minimoak zeintzuk izan ziren begiratzearekin nahikoa da. Leku askotan “gehiegizko zerbitzu minimoen eragina agerikoa” izan zela salatu dute grebalariek, baina horren gainetik “jarduera ez normalizatua” lortu zela ere nabarmendu dute, eta lanean aritu ziren emakume askok grebaren aldekotasuna adierazi zuten. “Zahar egoitzetan eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatu dute, hala ere, greba egin zezaketen langileen artean % 90ek baino gehiagok egin zuten greba. Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabala izan zuen”, ziurtatu dute.

 
Eremu publikoan eta udal zerbitzuetan eragin handia izan zuen atzoko grebak, batez ere hezkuntzan. Nafarroako Ikastoletan, jarraipena %90ekoa izan zen.  Eremu pribatuari dagokionez, jarraipen desberdina izan zuen baina emaitza garrantzitsuekin, batez ere sektore feminizatuetan: jantoki zerbitzuetan, garbiketan eta Eroski kooperatiban jarraipen handia izan zuen grebak.

Osasunbidean, greba eskubidea ukatua

Salaketa, berriz ere, osasungintzan. Osasunbideako ehunka langileri greba eskubidea ukatu zitzaiela salatu du Mugimendu Feministak. Eta ohikoa denez industriari dagokionez, Sakanan eta Nafarroako iparraldean nabaritu zen gehien enpresa garrantzitsuetan egondako jarraipena, Torraspapel eta Magoteus enpresetan adibidez. Iruñerriko gerrikoan ere grebaren eragina nabaria izan zela ziurtatu dute.

Gizonen parte hartzea

Greba honen beste erronketako bat, gizonen parte hartzea izan da. “Esan beharra dugu gizon batzuek hartu dutela gaiarekiko ardura, eta batzarretan eta kalean zegokien posiziotik aritu direla. Hala ere, beste askok ez dute hala egin. Eta gaurkoan ere atzoko mezu bera helarazi nahi diegu: hartu dagokizuen ardura!”, esan dute.

Euskal gobernuei deia: hartu erantzukizunak

Azkenik, atzo manifestazioetan esan bezala, euskal gobernuei zuzendu dira eskakizun ari bat egiteko: mahai intersektorial bat sustatzea osatutako Herri Akordioaz eta aurrera begirako pausuen gainean hitz egiteko. Horretarako bilerak eskatu dituzte Exekutiboarekin. Eta gogoratu dute. “Atzo ez zen ezer amaitu. Orain herriz herri sortutako su txikiak piztuta mantentzea dagokigu. Aurrera begira ere zaintza eskubide kolektiboaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde lanean jarraituko dugu”.

Gehiago