“Gorputz soziala martxan”, desobedientzia mugimenduaren inguruko Joxe Lacalleren argazkien erakusketa dagoeneko ikusgai

2024-ko irailak 9

Erakusketa irailaren 7tik 15era Plazara! gune komunitarioan ikusteko aukera dago.

Desobendientzia zibilak Nafarroan izan zuen garrantzia gogora ekarri nahi izan du Egin egunkariko argazkilaria izan zenak. Argazki bilduma honetan Nafarroan hamar urteko protesta eta desobedientzia zibila erakusten da.

Justo de la Cueva Dokumentu eta Artxibo Gunea elkarteak, Ludivine Thouverez Poitiersko Unibertsitateko Hispanic studies departamentuko Hizkuntza eta Historia Garaikideko irakasle titularrarekin elkarlanean, Iruñera ekarri du erakusketa, Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin. Erakusketa hau 2024ko apirilean aurkeztu zen Poitierseko Letren eta Hizkuntzen Fakultatean.

“Gizarte zibila espazio publikoaz (ber)jabetzeko eta desobedientzia zibilerako estrategietan sartuta egon da. Horri erantzuteko, botere betearazle eta legegileek Estatuaren erakundeak eta “autoritatea” indartu nahi izan dituzte. Lege berriak sortu dira erosahalmenaren narriadurak, sektore publikoen pribatizazioak eta klima eta pobreziaren arloan ezer ez egiteak gizartean eragindako haserrea mugatzeko”, iritzi dute erakusketaren antolatzaileek. Baina protesta “demokrazia ariketa bat” dela gogoratzen dute, eta adierazpen-askatasuna eta protestaren balioa defendatu nahi dute erakusketa honekin, eta bide batez, omenaldia egin nahi diote “gizarte justuago eta jasangarriago bat eraikitzeko ahaleginean mobilizatu den gorputz sozialari”.

Joxe Lacalle Huarteren lanak gorputzen zaurgarritasun fisiko eta sozialean jartzen du arreta. Bere hitzetan: “Ohore handia izan da beti kalearen, nire herrikideek egindako borroka eta salaketa guztien ahotsaren lekuko izatea. Askotan kolektibo sozialak niregana etorri dira argazki bat edo beste eskatzera, kartel bat edo pegatina bat egiteko, edo aldizkari bat ilustratzeko. Beti eman nituen, banekielako nire argazkiak islatzen zuen errealitatea denok aldatu nahi genuena zela”.

Erakusketa hau Joxe Lacallek Kondestablearen jauregian eginen duen atzera begirako argazki erakusketa eta 175.000 negatiboen inbentarioa biltzen dituen proiektu zabalago baten barruan dago. Iruñeko Alde Zaharreko Plazara! gune komunitarioan ikusgai dago, irailaren 7tik 15era arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara.

Gehiago