Gorka Fraile, baldintzapeko askatasunean, etxean eta bizirik

Durangoko Gorka Fraile Iturralde euskal presoa baldintzapeko askatasunean geratu da, Entzutegi Nazionalak martxoaren 27an ateratako autoa irmo bihurtu ondoren. Gorka Fraile 22 urtez egon da espetxean. Antsoainen du familia eta bizitokia, eta Covid19 krisia hasi zenetik bertan izan da. Etxerat elkarteak gogoratu duenez, Fraile larriki gaixo diren presoen zerrendan zegoen.

2020-ko apirilak 7

Gainera Gorka Fraile gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen zerrendan zegoen, beraz, Gorkaren kaleratzearen ondoren 13 dira larriki gaixorik dauden presoak eta beste 4 ere badaude identitatea publiko egin nahi ez dutenak.

Coronavirusak sortutako alarma egoeraren eraginez Gorka Frailek ez zuen gaua espetxean igaro beharrik, Espetxe Erakundeak hirugarren graduan dauden preso guztiei ezarritako neurria da hau, hala ere, euskal presoen kasuan bakarrik Fraileri ezarri diote. Baldintzapeko askatasuna lortu arte bide juridiko-penitentziarioa egitea lortu duen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) lehen presoa da Gorka Fraile, gure senide presoek bide hau egitea erabaki zutenetik 3 urte igaro ondoren. Etxeratetik espetxeko administraziora zein Espainiako Gobernura zuzendu gara aldi askotan, gure senide presoek indibidualki bide juridiko-penitentziarioa egin dezaten uzteko eta trabarik ez jartzeko eskatuz, egoera honek ez baitio bakarrik presoari kalte egiten, senide eta lagunontzat zigor gehigarri bat da.

Onartezina da 2020.urtean kondenaren 3/4 beteko duten 73 presoen artean bigarren graduan 28 besterik ez egotea eta bakarrik zortziri ateratzeko baimen arrunta ematea. Bukatzeko, osasunaren eskubideak lehentasuna eduki berarko lukeen larrialdi egoera honetan, gaixotasun larriak dituzten presoen, 70 urte baino gehiago dituzten presoen eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera eta hirugarren graduan dauden presoen kaleratzea eskatzen dugu beste behin ere.

Gehiago