“Gogoan Izan”, gaitzaren kontrako borrokan ere euskaraz bizi nahi dut

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Duintasun bideak bildumako lan berri bat egin du, Gogoan izan goiburua duena. Oraingoan, Alzheimer gaitza duen pertsona batek euskaraz bizitzeko duen nahia eta determinazioa ditu ardatz dokumentalak.

2015-ko azaroak 12

Duen gaitza dela eta jaso behar duen tratamendu bat erdaraz jasotzea proposatzen diotenean, Maixus Rekaldek argi ikusten du hori ere euskaraz jaso nahi duela eta tinko egiten du horren alde, hori lortzen duen arte. Behatokia izan du bidaia horretan bidelagun.

“Argi adierazten du adibide honek injustiziaren bidean errebelatzen den herritarrak, aurkitzen dituen oztopoen aurrean amore eman gabe, nahi duen hori, eskubidezkoa duen hori lortu egiten duela”, Garbiñe Petriati, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariaren ustez. Bide hori batera egitearen garrantzia ere nabarmendu du. Izan ere, “hizkuntza arazoa ez da indibiduala bakarrik, kolektiboa ere bada eta ondorioz, kolektiboak eman behar dio erantzuna”, esan du.

“Hizkuntza-eskubideen urraketa jasaten duenean, nahigabea, amorrua, inpotentzia… bizitzen ditu herritarrak, baina, euskaraz bizitzeko duten nahia horren guztiaren gainetik dago. Pertsona hauek euskarak egiten ditu direna. Euskarak egiten du Maixux. Euskararik gabe ez da bera”.

"Euskaraz bizi nahi duten pertsonek bi aukera dauzkate, egoera bere horretan irenstea edo errebelatzea", dio Behatokiak. Bigarrenaren aldeko hautua egiten duena saiatzen da konponbidea bilatzen. Eta jarrera hori hartzen duten herritarrek "Behatokia bere ondoan izango dutela" nabarmendu du Petriatik; izan ere, euskaraz bizitzeko nahia horretarako urratsa ematen denean betetzen da. Behatokiaren ustez, horrelako jarrerak beharrezkoak dira, izan ere, “horrelako jarrerek ekarriko dute aldaketa”.

 

Gehiago