Gobernuaren aldetik dirulaguntzarik jaso ezean, “Milaka Argi Nafarroan” ekimena berriz martxan jarriko du IKAk

2013an 30.00 euro lortu ziren kanpaina honekin, eta eskualde guztietatik jaso ziren ekarpenak.

2014-ko martxoak 21

2012ko urriaz geroztik IKAk ez du euro bakar bat ere jaso Gobernuaren diru-laguntza gisa, nahiz eta Nafarroako aurrekontuetan horretarako partida onartua izan.

Horregatik, Milaka Argi Nafarroan kanpaina abian jartzea erabaki dute, bigarren aldiz, Nafarroako euskaldun eta euskaltzale guztien laguntza jasotzeko. "Gobernu honi argi erakutsi nahi diogu, euskaldun eta euskaltzaleen sarea zabala dela oso, eta elkarlanean ohitua, eta gogor saiatuko garela elkarrekin helduon euskalduntzeak aurrera egin dezan, gobernuen traben gainetik", esan zuten atzo egindako aurkezpenean.

Kanpaina honek bi helburu nagusi izanen ditu. Alde batetik, euskaldun eta euskaltzaleen sarea zabala dela erakustea gobernuari, eta bestetik IKAko euskaltegiak diruz laguntzea.

40 urte lanean euskararen alde
IKAk Nafarroako eta Arabako hainbat euskaltegi biltzen dituen euskaltegi sareak, 40 urtetik gora darama  helduak euskalduntzen, euskal hiztunak sortzen, eta euskaldun horiek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten bideak jorratzen, beste zenbait talderekin batera. Askotarikoak eta ezberdinak dira ikasleak euskaraz ikastera bultzatzen dituzten arrazoiak, eta saiatzen dira guztiek izan dezaten tokia euren ikasgeletan,  euskaldun izan nahi horretan bat egiten baitute denek; eta hori lor dezaten eta praktikara eraman dezaten laguntzen diete.

"Zeregin honetan aurrera jarraitzeko eskatzen diegu laguntza euskaldun eta euskaltzale guztiei, izan Nafarroako zein Nafarroaz kanpoko, euskaldun eta euskaltzaleen sarea osatzeko, euskaldunak isilaraz eta ezkutaraz ez gaitzaten, eta  laguntza ematen digutenen herrietako argazkiak ere bidaltzea nahi dugu, webgunean osatzen ari garen galeria handitzeko", esan zuten.

Kanpainan ekarpenak egiteko aukera eta modu ezberdinak daude. www.milaka-argi.com webguneko formularioa bete daiteke eta txartel bidez ordaindu. Bestela, ekarpena kontu honetan sartu daiteke: Rural Kutxa 3008 0206 14 2587464526. Nahiago duena, IKAko euskaltegietara joan eta bertan egin dezake ekarpena. Gainera, errenta aitorpenean ekarpenak desgrabatzen dituzte.

Gehiago