Gobernu Delegaritzak irailaren 27rako Iruñean antolaturiko manifestaldia debekatu du
Bultzatzaileek debekuaren kontrako helegitea jarri dute Nafarroako Auzitegian eta memoria eta askatasuna aldarrikatzeko deia luzatu dute. Carmen Albak iganderako debekatzen duen hirugarren ekimena da, Ahaztuak-ena Altsasun antolatutakoarekin batera.
2015-ko irailak 24
“Ekimen honek ETA eta FRAP talde terroristen kideak omentzea helburu du, ETAk buruturiko krimenak justifikatuz eta goraipatuz”. Horixe da Gobernu Delegaritzako buru Carmen Albak erabilitako argudioa igande honetan “Oroima eta askatasuna” lemapean Iruñean antolatuta zegoen manifestaldia debekatzeko.
Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dute debeku honekin Gobernu Delegaritzak “argiki” erakusten duela 40 urteren ostean Francoren Erregimenarekin apurtzeko ez dela gai izan. Espainiar Gobernua Nafarroan irekitako aldaketa aroarekin kezkatuta ematen duela azaldu du herritar talde honek, eta horren ondoriotzat hartu dute 1975ko erailketak oroitzeko Nafarroan antolaturiko 3 ekimen debekatu izana.
Helegitea
Debekuak formazko akatsak zituela adierazi dute oroimenaren aldeko ekimenaren antolatzaileek eta helegitea jarri dutela. Epaiketa espres batek ebatziko du debekuak bere horretan darraien edo ez.
40. urtemuga
Aurten 40 urte betetzen dira Francoren aginduz Angel Otaegi, Juan Paredes “Txiki”, José Humberto Baena, Ramón García Sanz y José Luis Sánchez Bravo fusilatu zituztenetik. Fusilamendu hauek oihartzun handia izan zuten Europan eta frankismoaren azkenak izan ziren.
Orduz geroztik gertatutakoa gogorarazteko eta oroimen historikoa aldarrikatzeko ekimenak ugaltzen dira urtero Euskal Herrian.