Gizonezko bat atxilotu dute Iruñean 20 urteko emakume bat erail izana egotzita
Iruñeko Udaltzaingoak 27 urteko gizon bat atxilotu du Errotxapea auzoko Carmen Baroja Nessi kalean. Emakumearen aitak salatu du gizonak heriotza-mehatxuak egin zizkiola aurretik, eta Poliziari jakinarazi ziola, baina "ez zutela ezer egin".
2024-ko urriak 9
Iturria: Argia.eus
Erasoa gaueko 01:15ean jazo da Errotxapeako etxabe batean. Diario de Noticias de Navarra egunkarian azaldu dutenez, 20 urteko gaztea lokaleko logela batean zegoenean gertatu da erasoa. Gizonak kolpeka apurtu du atea eta hainbat aiztokada eman dizkio, horietako batzuk bularrean.
Iruñeko Udaltzaingoa, anbulantzia bat eta osasun langileak bertaratu dira lekura. Emakumea Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera eraman dute eta han hil egin da zauriak direla eta.
Emakumearen aitak Diario de Noticiasen adierazi duenez, “krimen hau ekidin zitekeen”. Izan ere, gertatu baino lehen heriotza-mehatxua egin izan dio 20 urteko gazteari, eta haren aitak hiru bider salatu izan du. Aitak berretsi du astelehenean gizonezkoak “bere alaba eta bikotekidea mehatxatu zituela”, eta Espainiako Poliziak deus ez zuela egin: “Etorri eta joan egin ziren. Ez zuten besterik egin. Hori guztia ekidin zitekeen”, salatu du.
Nafarroako mugimendu feministak elkarretaratzea deitu ostegun honetarako, 20.00etan Iruñeko Udaletxe Plazan.