Giro apartan ospatu zen Erdialdeko Herri kirol Txapelketa Erriberrin

2025-ko urriak 21

Erriberriko Teobaldos plazan Erdialdeko Herri kirol Txapelketaren Final Handia ospatu zen pasa den larunbatean. Agerraldiak antolatutako ekimena izan zen eta irailan eta urrian zehar izena eman zuten taldeek hartu zuten parte Gares, Mendigorria, Berbintzana, Puiu, Zarrakaztelu, Orbaibarreko herri ezberdinak, Faltzes, Miranda, Artaxoa, Tafalla, Erriberri eta Unx herriak ordezkatzen. Guztira 16 talde aritu dira herri desberdinetan burutu den lehiaketa herrikoi honetan.

Antolatzaileek ongi baloratu dute jarduera: “160 pertsona baino gehiago jarri ditugu herri kiroletan azken hilabetean eta oso polita izan da herrien artean sortu diren harremanak”.

Final handian Berbintzana, Orbaibar, Tafalla eta Unx ibili ziren lehian. Bost froga izan zituen jardunak: konbinada, trontza, ingude altxatzea, zaku laterketa eta soka tira. Eta azken honetan erabaki zen irabazlea, Berbintzana. Hala ere, antolatzaile eta partaideen esanetan, denak irabazi dute. “Denek irabazi dugu, giro ona nabarmendu delako lehiaketa osoan zehar eta herri kirolaren aitzakiaz elkar ezagutu eta disfrutatzeko aukera izan dugulako” esan du Ibai Berrogik Orbako taldeko kideak.

Antolatzaileek, Agerraldia, Altafaylla eta Pilindros herri kirol taldeak oso ondo baloratu dute txapelketa eta bi urtetik behin errepikatzeko nahia dutela argitu dute sari banaketaren ostean. Eskerrak eman dizkiete Maximo Abete upategiari, Errigorari eta Fernando Andres harategiari sariak babesteagatik, Erriberriko Udalari eta Erriberriko Euskararen Lagunak taldeari egunaren egitarauan laguntzeagatik eta txapelketa posible egin duten kirolari eta laguntzaile guztiei ere.

Gehiago