Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu du LABek OPUSeko ikastetxe batzuek kalifikazio puztu dutela ezagutu eta gero
LABek Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu du berriz, oraingoan "ezikusiarena egin duelako" sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeen kalifikazio puztuekin.
2023-ko maiatzak 9
Nafarroako Arartekoak berriki salatu du Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek ikasleen batxilergoko notak puzten dituztela, ez baitatoz bat gero unibertsitatera sartzeko probetan lortzen dituzten emaitzekin. Baina iruzur horren zantzu garbiak dauden arren, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak erabaki du beste alde batera begiratzea eta ikusketarik ez egitea. Hori dela eta, urtebete egin zuen bezalaxe, LAB sindikatuak Gimenoren dimisioa eskatu du berriz. Eta ez kontu horregatik bakarrik, baita Departamentuaren kudeaketa negargarriagatik eta sindikatuekin negoziatzeko batere intereseik ez agertzeagatik ere.
Arartekoak berak eskatu dio Hezkuntzari ikastetxe horien jarduna ikuskatzeko. Eta txosten baten bidez egin du. Bertan, egiazta daitezkeen datuekin, argudiatzen du ikastetxe horietako ikasleek Batxilergoa amaitzean lortzen dituzten notak ez datozela bat USE-n (unibertsitatera sarteko ebaluazioan) ateratzen dituztenekin. Arartekoak, ebazpen bidez, ohartarazi du bi zentroek “modu engainagarrian” igotzen dituztela kalifikazioak. Laburbilduz, Selektibitatea egitean ikasleek ateratzen dituzten notak ez datoz bat ikastetxeetan atera dituzten nota puztuekin. Datu hori oso deigarria da, eta, zalantzarik gabe, ikasle horiei mesede egiten die unibertsitateko karrera aukeratu ahal izateko.
Horregatik eskatu du Arartekoak Miravalles-El Redin eta Irabia-Izagako ikastetxeen jarduerak ikuskatzeko. Baina, ustekabean, Gimeno kontseilariak uko egin dio hori egiteari, irakaskuntzaren jarduna gainbegiratzen dela argudiatuz, betiere ikastetxeen autonomia errespetatuz.
LAB sindikatuari izugarria iruditu zaio kontseilariaren erantzuna. Parlamentuak izendatutako erakunde baten eskaerari entzungor egiteaz gain, unibertsitaterako sarbidea arautzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen ditu, hain gauza serioan ezikusiarena egiten baitu. Azken batean, Gimeno modu kontzientean ari da sexuaren arabera bereizten duten ikastetxe horietako ikasleak laguntzen, unibertsitateko ikasketak egin ahal izan ditzaten.
Horrez gain, kontseilariak errespetu falta erakutsi die langileen ordezkariei. Bi greba egun egin ondoren, Hezkuntza Ituna bete gabe eta oinarrizko gaiak negoziatu gabe jarraitzen du, hala nola, ratioen jaitsiera edo irakasleen karga burokratikoa. Horregatik, eta joan den ikasturtearen amaieran egin bezala, LABek Gimenoren dimisioa eskatu du; oraingoan, gainera, Mahai Sektorialeko sindikatu gehienek bat egin dute LABen eskaerarekin.