Gelbentzu zinema areto zaharra Poliziak hustu du

Iruñerriko Zentro Sozialista sortzeko Kontseilu Sozialistak okupatutako eraikina desalojatu du gaur Poliziak. Kontseiluak azaldu duenez, pasa den astean okupatu zen, eta gaur Espainiako Polizia sartu da. Kontseilu Sozialistak elkarretaratze bat deitu du asteazkenerako protesta egiteko.

2022-ko apirilak 19

Bi egunetan zehar “Iruñeko Zentro Sozialista berriko mugikortasuna blokeatu duen jazarpen poliziala” salatu dute gazteek “eraikina indarrez desalojatu” duten egunean.

Apirilaren 16an, larunbatarekin, Guelbenzu kaleko zinemak “birjabetu” zituztela iragarri eta gero eman da desalojoa. “Hurrengo egunean, poliziak desokupazio-enpresenerako sarbide-kontrola ezarri zuen, desalojorako agindu judizialik gabe. Pertsona bat eraikineko bizilagun gisa identifikatu zen arren, zaintza poliziala gau eta egunekoa izan da, txandaka ibili dira patruilekin, ingurua etengabe zelatatuz, ateak etengabe kolpatuz, baita leihoetatik sartzen saiatuz ere. Militanteei sarrera eta mugikortasun librea mugatu diete, garatu nahi genuen jarduera oztopatuz. Kaleak itxi dituzte, pertsonen zirkulazio askea mugatuz. Sartu nahi zuten edo, besterik gabe, haien presentziagatik protesta egiten zuten dozenaka pertsona identifikatu dituzte. Bi eguneko etengabeko jazarpenaren ondoren, gaur hustu egin dute Zentro Sozialista, kautelazko huste-agindu baten bidez. Agindu arbitrario horrek kolpe batez urratzen du defentsa juridikorako dugun aukera urria. Gainera, ordu hauetan oraindik ez dugu desalojoa baimendu duen ustezko agindu judiziala esku artean izan”, azaldu dute gazteek.

“Poliziaren zigorgabetasuna eta arbitrariotasun judiziala, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoaldi politikoaren testuinguruan kokatzen” dituztela azpimarratu ondoren, “ofentsiba hori botere-banaketaren erabilera interesatu batean gauzatzen” dela salatu dute “kapitalaren interesek hala eskatzen dutenean desegiten dena”.

Asteazkena “Desalojoaren aurrean Zentro Sozialistak aurrera! Basta de acoso policial” lelopean elkarretaratzera egingo dute 19:00etan Guelbenzu kalean, okupatutako eraikinaren parean.

Gehiago