Gazteentzako bizitza duinak aldarrikatu ditu Ernaik Donostian egindako ekimen jendetsuan

Ernaik Donostiako Bulebarreko errepidea moztu du gazteentzako bizitza duinak aldarrikatu eta aldaketetarako garaia dela esateko.

2022-ko abenduak 20

Arratsaldeko 17.00etan elkartu dira 60 gazte inguru eta Bulebarreko kiosko pareko errepidea blokeatu dute. Hainbat gazte jarri dira errepidearen alde banatan, eta erdia “dena aldatu” esaldia idatzi dute handiz, urrian abiatu zuten dinamikari erreferentzia eginez. Gazteek dena aldatzeko aukera, eta gaitasuna dutela aldarrikatu dute.

Geldirik ez direla geratuko adierazi dute, eskubideak borrokatu egin behar direla, eta horretarako gazteen artean elkartu eta antolatzea beharrezkoa dela. Etxebizitza, hezkuntza zein bizi baldintza duinak izan dituzte aipagai.

Errepidearen alde banatan zeuden gazteek aldarri ezberdinak zituzten eskuetan: “Non dago gure etorkizuna?”, “Etxetik joatea ez da pribilegio bat”, “Bizi eredu honek ez du etorkizunik”, “Duintasunez ikasi nahi dugu”…

Eskuorriak banatu dituzte inguruan zebiltzan herritarren artean, egoeraren irakurketa jasotzen zen bertan eta hiru aldarri nagusiak jasotzen zituen: Gazteen bizitzak berehala duintzeko neurri zehatzak; une histori honetan, erroko eraldaketa soziekonomikoak kokatu eta egin beharra; eta bizi eredu eraldatzaileen aldeko apustua egin, eta Euskal Herri askea gaurdanik eraikitzeko zutabe nagusien indartzea.

Gehiago