Gazteen osasun mentalaren okertzearen atzean dauden interesak salatu ditu Ernaik OPUSeko Klinika Unibertsitarioan

Gazteen bizi-prekaritateak osasun mentalaren okertzean duen eragina salatu du Ernaik OPUSeko Nafarroako Klinika Unibertsitarioan egindako hitzaldi batean. Gazte antolakundeak osasun mentalaren okertzearen arrazoiak gazteen prekarizazio prozesuan kokatu ditu. Gazteen bizitzen eta osasunaren kontura gutxi batzuk aberasten ari direla salatu du Ernaik eta gazteen egoerari aurre egiteko urgentziazko neurrien beharra azpimarratu du.

2022-ko otsailak 22

OPUSeko Nafarroako Klinika Unibertsitarioko atarian, Iruñean, batu dira gaur hamaika gazte. Klinikako atarian gazteen osasun mentalaren inguruko hitzaldia eman dute Ernaiko kideek. Ane Alava Ernaiko bozeramailea eta Aimar Senosiain psikologia ikaslea aritu dira hizlari… Foruzaingoa agertu den arte. Orduan amaitu behar izan dute gazteek euren hitzaldiarekin. Dirudienez, Klinika Unibertsitariako segurtasun arduradunek gazteen presentziaz ohartarazi diete poliziei.

Osasun mentalaren atzean egiturazko arrazoiak daudela azpimarratu dute. “Gazteak kapital metaketarako lan esku merkea diren heinean, haien bizitzen prekarizazio prozesuan sakontzen ari dira elite ekonomiko zein politikoak. Aldi baterako lan kontratuekin, emantzipatzeko ezintasunarekin, bizitzaren garestitzearekin oro har… Pandemian zehar gazteenganako kriminalizazioak, hezkuntza-prozesuetan izandako etengabeko oztopoak, lehiakortasuna, exigentzia sozialak eta bizi eredu normatiboak edota aisialdi eredu kapitalista” kokatu dituzte arazo horien iturburuen artean.

Osasun mentalari aurre egiteko baliabide publiko falta handia dagoela salatu dute. Gaineratu dute sektore pribatua negozio bilakatu duela osasun mentala eta gutxi batzuk egoeraz baliatzen ari direla etekinak handitzeko. “Osasungintza publikoaren desmantelamendua eta kolapsoa” ere interes horien pean kokatu dute. “Egiturazko arrazoiei jaramonik ez eta sasi-irtenbide paliatiboaren joera nagusitzen ari dela” azaldu dute Ernaikoek. “Medikalizazioan eta gaixotasun mentalen arazoen arintzean jartzen ari da fokoa, erroko erantzunak eman beharrean”, salatu dute.

Gazteen egoerari aurre egiteko urgentziazko neurrien beharra azpimarratu du Ernaik. “Osasun mentala gazteon prekaritatearen itzala baita. Baina argi dute irtenbidea ezin dela erdibideko proposamenekin konpondu, sistemaren baitan gazteontzako bizitza duinik ez baita posible”. Zentzu horretan berretsi dira gazteak “bestelako Euskal Herria” eta jendarte baten aldeko eraikuntza-lanean eta borrokan. “Gazteok geure egoera iraultzeko giltza geure eskuetan baita, eta ez beste inorenean. Bizitza bizigarri eta duinak izateko bestelako herri eredu baten beharra” azalerazi dute, “sozialismoa eta feminismoa ardatz izango dituen Euskal Herriarena, alegia”.

“Burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka, hortaz, gazteen ezinegonari eta prekarizazio prozesuei aurre egiteko tresna gisa” ulertzen dute Ernaiko gazteek eta gonbita luzatu diote gazteriari “Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo mobilizatzailera batu eta elkarrekin borrokatzera”.

Gehiago