Gazte Zartada ekimenak martxoaren 18, 19 eta 20an Gasteizen egingo dituen jardunaldien egitaraua zabaldu du

Tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta kale mobilizazio bat dira egitarauak jasotzen dituen aktibitateak. Gazteei egungo sistemak "hamaika zapalkuntza eragiten" dizkielako eta "gazteon bizitzaren prekarizazioa eguneroko ogi bilakatu dela" ondorioztatzen dute, eta euren egoeraren inguruko hausnarketa egin nahi dute jardunaldi hauetan.

2022-ko martxoak 4

Martxoaren 18, 19 eta 20an Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak Gasteizen elkartuko dira Zartada ekimenaren jardunaldietan parte hartzeko. “Kaleak hartuko ditugu, egoera desnormalizatuko dugu, hamaika aldarri plazaratuko ditugu, borroka ezberdinak ezagutuko ditugu eta problematika ezberdinen inguruan hausnartuko dugu“, diote Zartada ekimenetako kideek.

Ikasturte hasieratik hainbat eragile gazte ekimen honen inguruan aritu dira, eta geroztik parte hartzeko espazio ezberdinak sortu dituzte. Euren hitzetan, pandemiak areagotu ditu aspaldidanik bizi zuten muturreko egoera batzuk. “Sistema heteropratiarkala inoiz baino bortitzagoa da, krisi estruktural baten erdian aurkitzen gara (krisi klimatikoa, demografikoa, ekonomikoa, migrazio krisia, zaintza krisia… ), Euskal Herria babesik gabe dago krisi globalaren aurrean. Hau gutxi ez balitz, ezin dugu bizi proiekturik garatu (lanik ez, etxebizitzarik ez, ikasketak eskas, harremanik ez… )”. Krisi guzti hauei konponbideak bilatzeko erantzunak nahi dituzte eta gazteen bizi proiektuak eraiki ahal izateko irtenbideak eskatzen dituzte.

“Joera neoliberalak indartzen dabiltza: indibidualitatea, berekoikeria, indarkeria, gehiegikeria… eta honez gain, jarrera matxistak, homofoboak, arrazistak, xenofoboak… beraz, guk argi daukagu Euskal Herria eta euskal jendartea eraldatu behar dugula”. “Itxaropenik gabeko belaunaldia” direla azpimarratzen dute, “etorkizunik ezta erabakimenik” ez dutelako. “Eta gainera, gure egoeraren erantzule egin gaituzte, etengabe kriminalizatuz”.

Egoera honen aurrean hainbat aldarrikapen kaleratu nahi dituzte. Horien artean, Euskal zaintza sistema publiko komunitario bat aldarrikatzen dute, euskaraz bizitzeko aukera bermatzea, lan duinak, etxebizitza eskubidea bermatzea, krisi ekologikoari irtenbide bat bilatzea, gazteen kontrako errepresioa eta kontrol soziala gelditzea, hezkuntza doakoa, unibertsala eta feminista bat ezartzea, migrazioaren kontrako legeak bertan behera geratzea…
Gasteizko jardunaldien egitaraua: kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta mobilizazioak.

Martxoak 18 ostiralarekin batera abiatuko da prestatu duten egitaraua, eta asteburu osoan zehar luzatuko dira ekimenak. Bereziki, hausnarketarako espazioak izanen dira, gazteei eragiten dieten arazo eta auziei buruz. Parranda egiteko ere aukera izanen da, ostiralean egingo diren kontzertuekin eta larunbatean Gasteizko Alde Zaharreko hainbat tabernetan izanen diren DJ emanaldiekin. Larunbatean arratsaldean kale mobilizazioa egingo dute. Igandean, jardunaldiei amaiera emanen diete asanblada orokor batekin.

Gehiago