Gazte eragile ezberdinek Koronabirusak eragindako krisiaren aurrean erantzuteko manifestu eta dinamika bat adostu dute
Covid19-ak eragindako krisia ordaintzeko prest ez dauden hainbat gazte eragile ezberdinek manifestu bat zabaldu dute, eta laster publikoki garatuko duten dinamikaren berri emanen dutela iragarri dute. Osasun krisialdiak bestelako krisiak azaleratu dituela uste dute, eta gazteei larriki eragingo dizkietela pentsatzen dute. Manifestu hau landu duten gazte eragile eta taldeek argi dute arazoa "sistema kapitalista heteropatriarkalaren erroetan" dagoela.
2020-ko ekainak 22
Sistema hau krisian zegoen jada. Sistema kapitalista heteropatriarkala bera zen gure bizitzak kolpatzen zituena eta orain, koronabirusak eragindako larrialdi sanitario eta sozioekonomikoak agerian utzi du haren benetako aurpegia eta areagotu egin du gazteon eta orohar langile klasearen aurkako zapalkuntza soziala. Larrialdi honetan modurik gordinenean aplikatu zaigu logika kapitalista: sistema honetan bankari eta enpresari handien irabaziak, gehiengo zabalaren bizitzen eta osasunaren gainetik daude. Logika horren baitan, irabazi kapitalistak bermatzeko aplikaturiko politikek urteetan zehar erasotu dituzte gure eskubide sozial eta politikoak, ingurumenaren hondamendi orokorra gauzatzearekin batera. Sistema krisian zegoen eta orain areagotu da, baina ez gara krisi ekonomiko edo finantzieroaz soilik ari, krisi sistemikoa edo zibilizazio krisi baten aurrean aurkitzen gara. Izan ere, krisi sistemikoak askotariko aurpegiak ditu: ekonomikoa, zaintzarena, ekologikoa, energetikoa (errekurtsoen agorpena…), kulturala (kultura-hizkuntzen desagerpena), psikologikoa-baloreena (depresioak, indibidualismoa, egozentrismoa, desberdintasunen areagotzea…)… Mundu mailako ekonomiaren kolapsoa hamaika aurpegi dituen zapalkuntza sistema hau areagotuz ordainarazi nahi digute.
Errealitate hau inoiz baino ageriagoan geratu da Covid19ak eragindako egoeran. Osasun krisiak argitara atera du sistema ez dagoela antolatua pertsonen beharrak asetzeko. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lanak, soldatapekoak zein muxutruk egindakoak, guztiz feminizatuta, prekarizatuta eta inbisibilizatuta daude. Sistemaren logika argi geratu da: kapitala bizitzen gainetik gailendu da beste behin eta emakumeok eraman dugu bizitza zaintzearen zama, ohikoa baino baldintza are prekarioagoetan (etxeko langileak, erresidentzietako langileak, etxeko zaintza lanak…).
Gazteok kapitalismo heteropatriarkalaren ondorio bortitzenak bizitzen ari gara belaunaldi bezala, 2008ko krisiak eta baita oraingoak, gogor kolpatuko duen sektorea alegia. Ongi ezagutzen ditugu krisiaren aitzakipean jarraitzen diren errezeta neoliberalak: eskubide sozioekonomikoen galerak eta esplotazioaren areagotzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta merkantilizazioa etab. Horren ondorio dira enplegu egoera prekarioak, emantzipatzeko ezintasun nabaria edota hezkuntza publiko eta euskaldunaren pribatizazioa.
Covid19ak sortutako egoeran hartu diren neurriek eragin zuzena izango dute gazteongan, gure bizi proiektua eraikitzeko baldintza material eta sozialak are prekarioagoak bihurtuz. Gazteon langabezia %12,3 igo da apirilean (aplikatu diren ERTEak kontuan izan gabe), kontuan izan beharko genuke gazteon zati oso handi bat kontraturik gabe gabiltzala lanean inongo datutan agertu gabe eta eskubiderik gabe, eta baita krisiaren ondorioz gutako askoren sostengu izaten diren udako lanak ez direla sortuko. Gainera, 18 eta 29 urte arteko gazteok soldata garbiaren %80 inguru bideratzen dugu alokairura eta aurreko datuarekin loturan agerikoa da gazteok alokairua ordaintzeko izango ditugun zailtasunak.
Finean beste behin, krisi honi kapitalaren aldeko errezetekin erantzun nahi diote, langile klaseari* eta herritarroi bizkarra eman eta kapitalaren aldeko neurri ezagunekin. Horrelakoak dira Espainiako eta Frantziako Gobernuak eta lerrokatuta dauden EAEko eta Nafarroako Gobernuak hartzen dituztenak. Finantziarizazioa oinarri duten neurri sozialak eta patronalaren mesedetan dauden neurriak alegia. Neurri horiek gazteon ahotsa kontuan hartu gabe erabaki dira, eta Madrilen eta Parisen erabaki dira neurri birzentralizatzaileak hartuz. Gainera modu autoritarioan hartu dira, neurri horiek eragina duten subjektuak kontuan izan gabe, eztabaida demokratikorako aukerak urratuz, eta estatu polizial eta militarizatuak sortuz.
Salbuespen egoera honetan aurrez seinalatu ditugun bi puntu nabarmendu dira: bizitza krisian dago eta bizitza denon artean zaindu behar dugu. Gazteontzat ezinbestekoa da baieztapen honi heltzea, izan ere, hori da inposatu nahi diguten miseria, esplotazio eta prekarietatean oinarrituriko etorikzunari aurre egiteko dugun aukera bakarra. Sistema kapitalista heteropatriarkalaren baitan ez dago etorkizun bizigarririk gazteontzat, 2008ko krisian ikasi genuen hori eta beraz, dagokiguna gure eskubideen defentsa egin eta krisi hau gure prekarietatearekin ordaindu ez dadin borrokatzea da. Covid19ak eragindako egoera sozioekonomikoari erantzuteko orain hartzen diren erabakiak garrantzitsuak izango dira, eta beraz, lerratu beharra daukagu.
Hainbeste aipatzen den inor atzean utziko ez duen aterabide hori gauzatzeko beharrezkoa da bizitzaren sostengurako ditugun beharrak desmerkantilizatzea eta kolektiboki eta kolektiboaren mesedetan antolatzea, krisi honek argi erakutsi digun bezala zerbitzu publikoak indartuz eta hedatuz eta egitasmo komunitarioekin zubiak eraikiz, zaintza sareen esperientziak erakutsi digun bezala. Horrekin batera sozialki beharrezkoak diren lanak kolektiboki eta denon bizitzaren mesedetan berrantolatzea eta planifikatzea ezinbestekoa izango dela berretsi da, eta honek ikuspegi ezberdinak jorratzea eskatzen du: alde batetik zein ondasun eta zerbitzu eta nola produzitzen eta kontsumitzen diren berpentsatu behar dugu denon beharrak asetzera bideraturiko sistema bat pentsatuz. Adibide paradigmatikoa izan da musuko eta arnasgailuena, baina hedatu daiteke elikadura osasuntsua bermatzera, etxebizitza eskubidea, ikas baldintza duinak… Berpentsatze hori gainera larrialdi ekologikoa aintzat hartuz egin behar dugu, azken hilabeteetan Euskal Herrian eta munduak mobilizatu garen hainbat ikaslek eta gaztek aldarrikatu dugun bezala, planetak baliabide finituak dituela jakitun eta hauek denon eskutan jartzeko banatuz. Horrekin batera berrantolaketa hau zaintza lanek bizitzaren sostengurako duten garrantzia aitortuz egin behar da mugimendu feministak aipatzen duen bezala zaintza kolektiboki antolatuz eta banatuz (familien eremu pribatutiik ateratz eta des-feminizatuz), duen balio soziala aitortuz eta beraz zaintzaileei eskubideak aitortuz ere.
Gazteok eremu ezberdinetako borroken konfluentziaren alde egiten dugu. Inposatu nahi dizkiguten neurri indibidualizatzaileen aurrean kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu. Azken urteetan mobilizazio asko ikusi eta bizi izan ditugu Euskal Herriko gazteok: pentsiodunen mobilizazio iraunkor eta nekaezina, mugimendu feministaren mobilizazioak neska* gazte asko lehen lerroan geundelarik, klima larrialdiaren aurkako mobilizazioetan lehen lerroan, urtarrilaren 30eko greba orokorra… krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko bide horretan sakontzeko apustua egiten dugu, eta horretarako gazte eta gazte-eragile ezberdinen artean elkartu eta batera borrokatzeko hautua egiten dugu. Ez dugu utziko elite ekonomiko eta euren mesederatako agintari autoritarioek gazteon eta oro har langile eta herritarron bizi baldintzak zapaltzea, krisi hau ez dugu guk ordainduko.
Krisitik krisira bizi izan garen belaunaldia gara, 2008ko krisitik hona gure bizitzen prekarizazio bortitza jasan dugu. Izan ere, sistema kapitalista heteropatriarkalak gure bizitzak gero eta gehiago prekarizatu behar ditu aberastasuna metatu ahal izateko. Belaunaldi bezala uko egiten diogu krisitik krisira gure etorkizuna gero eta beltzago ikusteari; arazoa ez da krisi sanitarioa, arazoa sistema kapitalista heteropatriarkalaren normaltasun prekarioa da. Horregatik, erroko aldaketa baten alde lerratzen gara, bizitzak eta planeta erdigunean jarriko dituena.
Etxebizitza
Gazte asko dira, krisiaren ondorioz, enplegu galdu edota egoera kaltetu izanaren ondorioz, etxebizitzakostuei aurre egitea ezinezko dutenak. Horregatik, urgentziaz, zorpetzea sustatu beharrean, kostua bertan behera gelditzen den neurri hauek hartu behar dira: desjabetzak bertan behera gelditu eta alokairu gastuak eta etxebizitzari loturiko gastuak bertan behera gelditzea.
Gainera, alarma egoera honetaz baliatuz, eskubidea bermatu beharrean eskubidearekin negozio egiten jarraitzen dute. Horregatik, espekulazioa geldiarazi eta eskubidea bermatzeko beharrari erantzunez, funts putreak geldiaraztea eta kaleratzea, eta etxebizitza parke publikoa handitzearen aldeko politika eraginkorrak ezinbestekoak dira.
Lana
Prekarietatea mila aurpegi eta forma ditu langile klasea gero eta gehiago zapaltzeko, emakumeen lan ez aitortu eta zaintza lanak, gazteen lan balidintzak gero eta kaxkarragoak… Hauez gain mila kasu ezagutzen ditugu, ETTak, lan praktiken baldintzak, autonomo faltsuak… Badakigu arazoa ez dela Koronabirusa, kapitalismo heteropatriarkala baizik. Kapitalismoa mutatu eta krisietatik beti indartsu ateratzen da, baina guk ez dugu hau onartzen.
Argi daukagu ez gaudela honekin ados, eta ez dugula krisi hau ordainduko batzuk nahi duten moduan. Honen aurka borrokatzeko antolakuntza behar dugu eta horretarako gazte langileok elkartu beharra dugu, hori baita hau aldatzeko dagoen modu bakarra. Gure helburua bizitza duina erdistea izanda, lehentasunezkoak ikusten ditugu ondorengo esparru hauetan neurriak hartzea:
– Uberizazio prozesuak autonomo faltsuen figurapean sortu nahi duen lan harremanen eredu berriaren aurrean erregularizazioa. Soldatapeko langile bezala onartuak izatea berme guztiekin.
– Laguntzako publikoak jasoko dituzten enpresak gutxieneko lan baldintza batzuk betetzea derrigortzera. Adb. BBK Live, Azkena Rock… bezalako makroebentuetan; autonomoen laguntzak jasoko dituzten ostalaritzako guneetan…
– ETT-etako langileen lan eskubide zein eskubide sindikalak bermatu. ETTetako langileak dituzten enpresek EETaren bidez bertan lan egiten duten langileei eskubide berberak aitortzea.
– Langile heziketako praktiketan minimoak zehaztu. Lan hauek eduki behar duten heziketa puntua nabarmendu behar da, hau izan behar baita honen helburu. Maiz ematen dira formakuntza alde batera utzi eta edukirik gabeko lanetan jartzen dituzten ikasleak, haientzat lan esku merkea gara eta. Bestalde, langileak ere garen heinean, gutxieneko lan baldintza batuzk bermatu beharko dira inguruko langileek dituzten era berean.
– Lan ez onartuen baldintzen zehaztapena. Euskal Herrian aitortutakoak ez diren gazteen lanen inguruko analisi bat egitea, langile bakoitzaren problematika mahaigaineratuz sektore horietako egoera landu eta erantzun amankomuna ematen dion lan baldintzen minimo batzuk zehaztea.
– Lan eskaintza publikoen gazteontzako ratioak ezar daitezela.
Langile klaseko sektore babesgabeenak antolatu eta eremu hauetan lan eskubideen alde borrokatzeko dagoeneko Euskal Herriko txoko ezberdinetan sortu diren gazte langile prekarizatuen taldeak hedatzea ezinbestekoa ikusten dugu. Horrez gain, talde hauen arteko loturak indartzea marko handiagoetako politikak baldintzatzeko.
Hezkuntza
COVID19aren krisiak eragin zuzena izan du ikasleon bizitzetan ere, Hezkuntza Sistemak horrelako arazoei erantzuteko duen gaitasun eza erakutsiz. Egoera honek, ikasleon artean aurretik existitzen ziren desberdintasunak areagotu ditu. Arrakala digitalak eta ikasle askoren baliabide faltak, ikasketak behar bezela egitea oztopatzen diote ikasle askori.
Horren aurrean, pedagogia eta metodologia berriak sortu beharrean, hezkuntza agintariek edukien lanketa zurrun eta memoristikoa bultzatu dute. Gainera, Frantziar zein Espainiar estatuek, egoera hau zentralizatzeko eta Euskal Herriak dituen hezkuntza eskumenak baliogabetzeko baliatu dute.
Asko izan dira hezkuntza arloan hartutako erabakiak, baina gurekin ez da hitz egin.
Ikasleok, pedagogia hezitzaile bat martxan jartzea eskatzen dugu, edukiak birmoldatuz eta murriztuz. Bestalde, ikasturte bukaera duin bat exijitzen dugu, horretarako, unibertsitateko sarbide froga masiboak bertan behera utziz. Krisi egoera honen aurretik zailtasunetan zeuden ikasleoi errekuperaketak egiteko aukera eman eta horretarako beharrezko dituzten errefortzuak ematea beharrezko deritzogu.
Orain, inoiz baino gehiago, hezkuntza sistema publiko, doako eta kalitatezko bat aldarrikatzen dugu, heziketa prozesuaren ibilbide osoan. Hezkuntza sistemak, gainera, ikasteko beharrezkoak diren baiabideak ikasle guztien eskura jarri eta herri sektoreetako ikasleon parte hartzea ahalbidetu beharko luke.
Ikasleon bizitza erdigunean jarriko duen hezkuntza sistema bat aldarrikatzen dugu, oraingo erritmo akademiko frenetiko eta jasangaitzarekin bukatuz eta bizitzarekin bateragarria den eredua eraikiz. Hezkuntza sistemaren eraldaketa feminista, bertan ematen diren genero rolen birproduzioarekin amaitu eta eduki feministak modu transbertsalean integratuz.
Hezkuntza Sistema indibidualista, lehiakor eta neoliberal honen indargabetzea exigitzen dugu. Ikasleon elkar-laguntza sustatuko duen hezkuntza eredu parte-hartzaile eta kritiko bat behar dugu, gaur egungo egoera ekonomiko, politiko eta sozialari egokitua.
Biolentzia Heteropatriarkala
Sektore guztietan emakume/neska* izateagatik (gainontzeko kolektibo zaurgarrienekin batera) pairatzen dugun bazterketarekin (parte hartze politikorako oztopoak, lan banaketa sexuala, soldata arrakala, emantzipatzeko zailtasuna) bukatzeko neurri zehatzak eskatzen ditugu.
Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren zaintza lanen aitortza politiko eta soziala inoiz baino beharrezkoagoa dela ikusi dugu.
Neska* gazteok bete ohi ditugun ezkutuko zaintza enpleguen (umeen zaintza, partikularrak…) lan baldintza duinak: soldata duinak, kontratuak, ordutegi zehaztuak…
Indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide publiko integral eta eraginkorrak behar ditugu; emakumeon* behar material, psikologiko eta juridikoak bermatuz. Konfinamenduak areagotutako erasoekiko esposizio eta babesgabetasunaren aurrean baliabide konkretuak eskaintzea. Baita Autodefentsa Feministaren zilegitasuna aitortzea.
Larrialdi klimatikoa
Etorkizuneko krisi sozioekologikoei erantzun arduratsu eta zehatz bat eman ahal izateko zientziak dioena entzuten hasi behar gara, beharrezkoa baita planeta eta bertako izaki bizidunak errespetuz tratatzen hastea; bestela desastre meteorologiko, pandemia, migrazio masiboak pairatuko ditugu eta aldaketa klimatikoaren ondorioak eguneroko arazoak bilakatuko dira. Zientziak dioen moduan, 2030 urtean itzulezina den puntura iritsiko gara berotegi efektuko gasak ez baditugu modu zorrotzean jaisten, eta horregatik 2030 urterako gas hauen %80aren jaitsiera eskatzen dugu. Horretarako, ezinbestekoa da karbono muga doitzea gutxienez Europar Batasuneko mugetan eta Pariseko Akordioa betetzen ez duten herrialdeekin Merkataritza Libreko Itunak ez sinatzea. Industriaurreko garaiarekin alderatuz, lur planetaren tenperatura 1,5 ez igotzeko beharrezkoa da neurri hauek hartzea.
Tenperaturaren igoera saihesteko, beharrezkoa ikusten dugu krisi klimatikoaren inguruko ikasteko doako materialak izatea, hezkuntza krisi ekosozialari aurre egiteko gakoa baita.
Halaber, sistema kontsumista honek sortu duen energia erabileraren eredua aldatu behar dugu. Honen ezaugarri garrantzitsuena murrizketa izan behar da eta erabiltzen ditugun energia iturriak eraldaketa baten beharra dute. Energia berriztagarrietarantz jo behar dugu 100%, hauen sorrera beti jasangarria eta garbia izanik.
Elikagaien subiranotasuna bermatu behar dugu Euskal Herrian, horrela gure produkzio lokal jasangarria sustatuz eta defendatuz. Ekonomia sozial eta solidario baten ezarpena beharrezkoa da arlo guztietan, jarduera ekonomikoak bai naturan eta gure gorputzetan duten inpaktuez kontzientzia hartzeko. Ekonomia zirkularra beharrezkoa ikusten dugu, errefusaren sorrerarekin amaitzeko. Aldi berean, lanaren planifikazio ereduaren eraldaketa beharrezkoa da produkzio modelo jasangarri eta bidezko bat lortzeko.